euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gustura Venezuelako euskaldunak Euskadiko selekzioaren partidarekin eta Eusko Etxera egin zuten bisitarekin

2007/06/27

Selekzioko jokalariek autografoak sinatu zituzten Eusko Etxeko  bazkideentzat (argazkia Eusko Etxea)
Selekzioko jokalariek autografoak sinatu zituzten Eusko Etxeko bazkideentzat (argazkia Eusko Etxea)

PUBLIZITATEA

Euskadiko futbol selekzioak berriki Venezuelara egin duen bidaiak oroitzapen onak utzi ditu herri honetako euskal komunitatean. Euskal taldeak azken 69 urtetan Ameriketara egiten zuen lehen bidaia zen hau eta oso arrakastatsua izan da kirol alorrean, euskaldunek Venezuelar selekzioa gainditu egin zutelako 4-3ko emaitzarekin. Gizarte alorrean ere oso positiboa izan da bidaia, alde batetik partidak venezuelar komunikabideetan izan duen oihartzunagatik, eta bestetik, euskal selekzioko jokalari eta arduradunek Caracaseko Eusko Etxea bisitatu eta euskal komunitatearekin biltzeko parada izan zutelako. Elkarteko kideek ilusio handiarekin hartu zituzten jokalari euskaldunak eta urrunetik bada ere euskal futbol taldeen zaletu sutsuak direla erakutsi zieten.
Caracas, Venezuela. Eusko Etxean egin ziren ekitaldiak asteazkenean hasi ziren, Euskal selekzioak Venezuelako taldearen aurka jokatu zuen egunean bertan. Partida San Cristobaleko Pueblo Nuevo zelaian izan zen eta bertara joan ezin zirenentzako Eusko Etxeak pantaila erraldoia jarri zuen elkarteko saloian. Kide asko bildu ziren bertan eta giro ezin hobean ikusi zuten partida, adierazi zaio Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i.

 Emaitza aldekoa izateak ere asko lagundu zuen eta txalo artean hartu zituzten euskaldunen golak: Etxeberria (2), Aduriz (1) eta Gabilondo (1).

 

Hurrengo egunean, ostegunean, Euskadiko jokalari eta teknikariek bisita egin zuten Eusko Etxera eta errekia afaldu zuten bazkideekin. Bisitaldiak interesez bizia sortu zuen Caracaseko euskal komunitateko kideen artean eta gazte zein nagusi, gizon zein emakume asko bertaratu ziren, euskal futbolariei autografoak eskatu eta eurekin argazkiak ateratzeko asmoarekin, Eusko Etxeko zuzendari Pedro Javier Arriagak BasqueHeritage.com-i azaldu dionez. ‘Partidari buruz galdetu zieten, euren taldeek ligan egindako denboraldia komentatu eta euskal taldeen postuak eta Errealaren jaitsierari buruz aritu ziren’, aipatzen du Arriagak.

 

Opariak eta futbol partida txikiekin

 

 

Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Kirol eta Kultura sailburuordea, Gurutz Larrañaga; eta Euskadiko Futbol Federazioko lehendakari Iñaki Dobaran izan ziren, selekzioko teknikari eta jokalariekin batera. Aurresku batekin hartu zituzten bisitariak Eusko Etxean. Amaya Olalde, Iker Urcelai eta Ander Azpiritxaga izan ziren dantzariak eta Koldo Olaldek txistua eta danbolina jo zituen. [Ezkerreko irudian partida ikusteko Eusko Etxean bildu zen jendearen giroa (argazkiaCaracasEE)]

 

Gurutz Larrañaga eta Iñaki Dobaranek ‘Caracasen egon eta etxean bezala sentitzea ohore bat’ zela esan zuten eta euskal selekzioaren opariak eman zizkieten Eusko Etxeko arduradunei: Euskal Futbol Federazioaren ezkutu bat, selekzioaren elastikoa eta futbol baloi bat. Eusko Etxeko lehendakari Pedro Arriagak Venezuelako Euskal Etxeen Federazioaren plaka oroigarri bat eman zien. Gaua giro ederrean igaro zen eta jokalari zein teknikariak oso lagunkoiak izan ziren bertan bildutako zaletuekin. Gainera, jokalari batzuk Eusko Etxeko txikiekin futbol partida bat egin zuten futbito zelaian, gaztetxoek ahaztuko ez duten gau ederra borobilduz.

 

 

Lotura interesgarriak

 

 

Caracaseko Eusko Etxea, Venezuela

www.euskoetxeacaracas.blogspot.com

 

 

Valencia-Caraboboko Eusko Etxea, Venezuela

www.valenciakoeuskoetxea.com

 

 

Pantaila erraldoia Eusko Etxean Euskadi-Venezuela partida ikusteko

BasqueHeritage.com-en argitaratua2007ko ekainaren 14ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia