Mar del Plata, Argentina. Datorren ostiralean, apirilaren 11an, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Ohiko Batzar Orokorra egingo du eta elkartearen zenbait buruzagi berrituko dira. Gustavo Eduardo Elichiribehety lehendakariak bere karguari utziko dio, bi urteko kudeaketaren ondoren, eta berarekin batera, batzordekide izan dituen beste lagun batzuek ere. Euskal Etxe eta komunitatean aurkezpenik behar ez duen, eta aurretik ere elkartean hainbat lan egindako eta zuzendaritzakide izan den Francisco Javier "Patxi" Valenciak hartuko dio lekukoa, Batzarrak hala erabakitzen badu.
Denak Bat-eko buru izan den denboran Gustavo Elichiribehety-k, besteak beste, eraikinaren hobekuntza eta obra ugari egin ditu eta gazte talde bat-eri ere lekua eman dio Zuzendaritza Batzordean, beharrezko lidergoa berritzeko. “Egon naizen denboraz nabarmenduko nituzkeen gauzen artean, bi lehendakari gazteren arteko lotura izan izana azpimarratuko nuke: FEVAko lehendakaritzarako pasatu zen Asier Iriberri, eta datorren astean etor litekeen Patxi Valenciaren artean”, esan dio EuskalKultura.eus-i Gustavo Elichiribehetyk; eta berak, beti egin izan duenez, Euskal Etxearekin lankide jarraituko duela.
Paleta Txapelketa Probintziala "Teyú Cuaré"n
Hamaika urte baino gehiago igaro dira Mar del Platako "Denak Bat" Euskal Etxeak Probintziako Pilota Txapelketa azkenekoz antolatu zuenetik. Martxoaren 22an, larunbatez, elkarteko "Teyú Cuaré" trinkete zaharberrituan —leundu diote zoru leundua, aldagela berritu, sabai gardena ipini eta arauzko demarkazioa egin—, hirugarren mailako Hegoekialdeko Txapelketa Probintziala jokatu zen. Sei taldek jokatu zuten, San Cayetano Pilota Klub, Chillarreko Huracán Klub, Necocheako Euzko Etxea eta Denak Bat anfitrioia.
Bertako taldea osatzen zuten Matias Edgard, Walter Tolosa, Federico Barbutti eta Iker Garay Ormaecheak, azken bi hauek partida erabakigarrian Agustin Rodríguez eta Javier Zubillaga necochearrei gailendu zitzaizkielarik, beraz, lehen partida honetan titulua Mar del Platan geratuz. "Ahalik eta ondoen lehiatzea espero dugu, baina gure asmoa da beste klub eta elkarte batzuekin trukea izatea, tartean euskal etxeak daudela, eta denek ondo pasatzea", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Iker Garay Ormaechea pilotari eta Denak Bateko zuzendaritza batzordeko kideak. Kantxa dotore berriarekin, apirilaren 5ean berriz ere anfitroi izango dira seigarren mailako jokalariak lehiatuko diren norgehiagokan.