euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guru Etxeberria, irakurle Mexikon: "Ikasteko grina, esker ona eta, zoritxarrez, gosea izan ditut eskoletan"

2011/04/04

Eskuan edalontzi urdina duela ageri da ikasleen erdian Gurutzne Etxeberria, urtebetetze egunean egin zioten ustegabeko jaian (argazkia GEtxeberria)
Eskuan edalontzi urdina duela ageri da ikasleen erdian Gurutzne Etxeberria, urtebetetze egunean egin zioten ustegabeko jaian (argazkia GEtxeberria)

PUBLIZITATEA

Bizimodua ez da erraza Mexikon, aitortzen du Gurutzne Etxeberriak, baina jendearen esker onak sobera gainditzen du segurtasun ezaren mamuak sortzen duen ezinegona. Universidad Nacional Autonoma de Mexicon (UNAM) Euskara eta Euskal Kultura irakurle da Gurutzne, eta, sarri, ikasleek gauean klase on batengatik eskerrak emanez idazten diotela azaldu digu. Klaseko lehen egunean bere burua euskara hutsean aurkezten duenean aho bete hortz gelditzen omen dira --"zer da hori?", "Ez da ulertzen!!"--, baina kurtsoa aurrera joan ahala euskaldunon mundu ikuskerarekin duten miresmena hazi egiten dela dio. "Horrek arima asebetetzeaz gain neuri ere gehiago ikasteko gogoa ematen dit, elkar-elikatu egiten dugu", dio.

Mexiko Hiria, Mexiko. Gurutzne Etxeberriak eta bere kontakizunak samurtasuna eta maitasuna transmititzen dute: irakasgaiarekiko maitasuna eta ikasleekiko samurtasuna. Azken sei urteetan izan dituen klase guztietan giro berezia eta harreman estua sortu omen dute irakasle eta ikasleen artean. Ikasle gazteetako batzuek euskal musika dute oso gustuko eta Fermin Muguruzaren kantuak entzunez sortu omen zitzaien euskara ikasteko grina. Gurutznek [hala nahiago du berak idaztea bere izena] Muguruzak Mexikon bira egin zuenean musikari irundarra klasera eramatea lortu zuen adibidez, eta joan den hilean Berri Txarrak taldekoak 'fitxatu' zituen klaserako. Ikasleak noski, pozik, andereñoarekin.

Ikasleetako %5a euskal jatorriduna da UNAMeko irakurle programan, eta beste gehienek ere badakite zer edo zer Euskal Herriaz. Ikasle batek behin 'Europako aborigenen berri" eskuratzeko apuntatu zela esan zion. Beste baten amona, adina dela eta euskara hutsean hitz egiten hasi omen zen, eta Pako bilobak, euskara ikastea erabaki zuen amonarekin komunikatu ahal izateko. Mexikon daramatzan sei urteetan hamaika istorio eta egoera berezi bizi izan ditu Gurutznek.

-Noiz hasi zen Euskara eta Euskal Kultura irakurle programa Mexikon?

Programa 2005ean hasi zen.  Artean UNAM (Universidad Nacional Autonoma de México) izan zen parte hartu zuena, hau da, hitzarmena zuena. 2006 urtetik aurrera Tecnológico de Monterrey eta Iberoamericana gehitu ziren. Une honetan lau unibertsitatetan ari gara eta hiru irakurle gara. Nerea Basterretxea Tecnológico de Monterrey Unibertsitatean, Gorka Larrañaga Mexiko hiriko Iberoamericana Unibertsitatean eta ni neu Pueblako Iberoamericana-n eta UNAMen.

-Zenbat ikasle daude irakurlegoaren klaseetan? Zer dakite Euskal Herriaz?

Orotara 80 bat ikasle ari dira gurekin. Orokorrean ikasleria mexikarrek osatzen dute eta %5 da euskal jatorrikoa. Hemen jaioak direnak, dena den, bigarren edota hirugarren belaunaldikoak dira. Aitona, amona, birraitona-edo… handik etorritakoak. Ikasleen artean denetik dago, gehiengoa lizentziaturaren bat ikasten ari dena, baina baditugu langileak, profesionalak eta baita etxeko andreak ere.

Lehenengo eskolan beti galdetzen dut zerk erakarri dituen, zergatik etorri nahi duten eta zer eskatzen dieten ikasturteari zein irakasleari. Behin, izugarri gustatu zitzaidan erantzuna jaso nuen: “Quiero conocer a los aborígenes de Europa” (Europako aborigenak ezagutu nahi ditut). Askok Euskal Herriari buruzko erreferentzia dezente izan arren harriduraz hartzen dituzte eskolak, hainbat gai azaltzean, esaterako, etxea, baserria, abizenen jatorria, mitologia, gastronomia…

berri txarrak df

[Berri Txarrak taldeko kideak (argazkiaren eskubian) UNAMeko euskara ikasleekin. Behean, ezkerretik bigarren, Gurutzne Etxeberria irakaslea (argazkia Berria)]

-Nolakoak izan ohi dira klaseak?

Eskolek bi ardatz edo sail nagusi dituzte: Euskal Kultura eta Euskara. Ezin ulertu bata bestea gabe. Kultura saila oso potoloa izanik ikasleen jakinminaren arabera antolatzen ditut nahiz eta hasieratik nire programa proposamena eraman. Horrela Historiaurrea, Historia, Euskaldunak Diasporan, euskaldunak Mexikon, herri kirola, artea, zinema, bertsolaritza, geografia, jaiak, literatura eta goraxeago aipatuak jorratzen ditugu abar luze barruan. Ikusentzuneko material dezente erabiltzen dut, horretarako DVD irakurgailua, ordenadorea… eraman behar baditut ere. DVD gustukoenak 'Euskal herria Lau haizetara' eta 'Euskal Herritik' saioko atalak ditugu.

Euskarari dagokionez, ikasleak oinarrizko funtzioetan gaitzea dugu helburu, hau da, aurkezpenak egin, nahiak eta beharrak adierazi, egunean zehar egin dutena kontatu, asmoen berri eman eta idazki xumeak irakurri eta ulertzea. Euskara eskoletarako oso erabilgarria dudan materiala Maizpide euskaltegiak egindakoa da eta horrez gain BOGA metodoa ere eskura dute ikasleek. Eskola arloan zein arlo pertsonalean benetan eskerrak eman beharrean nago HABEko Jose Francisco Zinkunegiri, haren laguntzarik gabe ezingo nuke esan-eta eskolak arrakastatsuak direnik!

- Klaseez gain, kultur ekitaldiak ere egiten dituzue. Zeintzuk?

Ekintza osagarriak eta Euskal Herriko jendearen bisitak oso garrantzitsu ditut eskolak biribiltzeko. Aurtengo ikasturtean Josean Bengoetxea aktorea izan genuen 'Ander' filmarekin, Euskararen Eguna ospatu genuen eta Berri Txarrak taldekoak ere izan ditugu. Hiru aste barru Korrika izango dugu UNAMen. Benetan, ez dakizue ikasleek nola eta zenbat eskertzen dituzten horrelakoak!!! Aurreko ikasturteetan, adibidez, Fermin Muguruza izan zen ikasleekin eta baita Ibarretxe lehendakaria ere!!

Ekitaldi, ekintza osagarri askotan Euskal Etxearen laguntza izan dut. Orain artean Miren Agirre, Eduardo Ormaetxea, Gotzon Uribe, Mikel Larregi eta orain Lurdes Arretxeak ateak erabat ireki dizkidate neuri zein ikasleei hainbat ekintza aurrera eramateko eta Euskal Etxeko kultura arloan parte hartzeko.

Gurutzne Korrika Mexiko

[Gurutzne Etxeberria Mexikoko Korrikaren lekukoarekin aurreko edizioan (argazkia GEtxeberria)]

-Orain arte egindako lanetik, zerk sortzen dizu satisfakzio gehien?

Eskolak eta orduak aurrera doazen neurrian, euskaldunon bizikerarekiko zein mundu ikuskerarekiko duten miresmena hazten joaten da eta miresmen horrek nire arima erabat betetzeaz gain neuk gehiago ikasi eta irakasteko gogoa sortzen dit. Talde ororekin dut halako “feddback” eta hartu-eman estua.

Nire kasuan, eskolak doainekoak dira eta biziki sentitzen naiz eskertua ia klaseoro ikasleek besarkada eta irribarrez eskerrik asko esaten didatenean. Sarritan, gauean jasotzen ditut “Una clase muy interesante, gracias por ser mi maestra” eta horrelakoak dioten e-mailak. Horrekin, nekaturik, baina irrifarrea ezpainetan oheratzen naiz.

-Bertako bizimodura ohitzea kostatu egin al zaizu?

Egia esan ez da bizimodu erraza hemengoa. “ Violencia, inseguridad, secuestros, asesinatos, narcos, occisos…”  eta antzekoak dira nagusi egunkarietako izenburuetan. Eskoletan, ikasteko grina, edozer ikasteko grina, esker ona eta, zoritxarrez, gosea ere izan ditut. Kasu bat aipatuko dut: arratsaldeko hiruretan genuen eskola eta egun batean Edgar oso makal sentitu nuen. “Edgar, gaixorik al zaude?”, “No maestra, es que no desayuné”, “Pero, ¿has comido?”, ..."Creo que no”. Horren aurrean dirutxo bat eman nion eta zerbait jan ondoren eskolara etortzeko esan. Edgarrek ikasten jarraitzen du, lizentziatura batean dago eta asteburuetan “Body Shop” izeneko katean lan egiten du. Asteoro iristen zait etxera promozioan duten ukendu edota kremaren bat. Jada malkoak ditut begietan pentsatze hutsarekin.

-Zer sentipen dituzu lan honetan? Ze itsaropen/amets?

Erraza da lan egitea, lana prestatzeak denbora asko eskatu arren. Erraza egiten baitu ikasleen esker onak. Sekulan ez dut eman nire urtebetetze data, Mexikon nagoenetik ia ez dut ospatu ere egin. Azken urtebetetzean, batek daki nola, ikasleak enteratu egin ziren eta izugarrizko ezustekoa eman zidaten!

Mexikon bizimodua ez da erraza, “txuria” izatea (hemen 'güerita' esaten didate), 12 kilometro egiteko bi orduko bidaia izatea, propinak ematea, haurrak (asko, asko) kalean eskean topatzea… baina nire kasuan, ikasleak aurrean izateak, irribarretsu, eta noizean behin 'eskerrik asko' entzuteak betetzen nau. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia