euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gurtubay familiaren IV. Topaketa larunbatean egingo da Basaurin, Europako eta Amerikako ehun bat lagun partaide

2024/09/20

Gurtubay familiakoen 2019ko topaketako irudia, azkeneko elkarretaratzea izan zen pandemiaren aurretik
Gurtubay familiakoen 2019ko topaketako irudia, azkeneko elkarretaratzea izan zen pandemiaren aurretik

PUBLIZITATEA

Basauri, Bizkaia. Bost urteko etenaldi baten ostean, pandemia hutsunea lagundu duten faktoreetako bat izan dela, Gurtubay familia bizkairreko ehun bat ondorengo elkartuko dira berriro ere larunbat honetan, irailaren 21ean euren arbasoen jatorria izan ziren lurraldean, elkar ezagutu edo elkarrekin berriro topatzeko eta eguna elkarrekin pasatzeko, euskal kulturan eta tradizioetan murgilduta. Hitzordua Atxondon hasiko da goiz-goizean baina ekintza gehienak Basaurin egingo dira.

Bertaratuko direla baieztatu duten Gurtubaitarrek —Gurtubay idatzi izan dute askok, eta Euskal Herriko gazteenek euskal grafia erabiltzen dute gaur egun—, Euskal Herriko hainbat herrietatik ez ezik (Bizkaitik gehienbat), Espainiako, Europako eta Hego Amerikako puntuetatik helduko dira: Argentina, Txile, Alemania, Bartzelona, Madril, Santander, Miranda de Ebro... Euskadikoak, berriz, Bilbo, Algorta, Basauri, Galdakao, Lemoa, Igorre, Dima, Arrigorriaga, Elorrio, Laudotik-eta, tokietako batzuk aipatzearren.

1500eko Gurtubay bat

German Gurtubay argentinarrak 2015an buletin honi adierazi zionez, "dokumentuetan agertzen den aurreneko Gurtubaitarra Catalina de Gurtubay, omen da, Axpen (Bizkaian), 1500 urtean. Familia Bilbora ere zabaldu zen eta han Simón Gurtubay izeneko bat bakailaoa inportatzen aberastu zen. Haren birbiloba bat, baina, are aberatsagoa bilakatuko zen: Albako dukesa ezaguna, Cayetana Fitz-James Stuart y de Silva Falcó y Gurtubay". Hara!

Aurreko topaketaren jarraipideari eutsiz, datorren larunbatean goizean goiz eliza eta Akebaso eta Urtubi baserri zaharrak bisitatuko dituzte, Atxondo haranean. Eguerdi aldera Basaurira mugituko dira, bertan Asier Iragorri alkatearekin bilduko baitira. Hamaiketakoaren ostean bisita gidatua egingo dute Anuntzibai Jauregian eta bertan bazkalduko dute. Bazkalostean eta arratsalde partez elkarrekin solasteko eta elkarren berri eskuratu edo berritzeko probestuko dute.

2015ean hasitako biltzeko ohitura

“Taldean badaude genealogia gustuko duten batzuk, beraz beti antolatu ohi dugu hitzaldi laburren bat familiaren historiaz mintzatzeko edota anekdotaren bat kontatzeko”, azaldu digu topaketen bultzatzaile nagusietakoa den German Gurtubayk. “Euskal kulturaren eta euskararen presentzia oso handia da –izan ere, Euskal Herriko txikienek ez dakite gaztelania– eta aurten, euskal dantzak eta kantak ere prestatu dituzte bildutakoek elkarrekin abestu eta dantzatzeko”.

Gurtubaytarren Nazioarteko Topaketak sare sozialetan sortutako elkarretaratze batetik sortu ziren, German Gurtubay argentinarraren eta Ana Isabel Gurtubay bilbotarraren eskutik. Lehenengoa 2015ean egin zen, eta hurrengoak 2017an eta 2019an. 2016an, familiako hogeita hamar bat senide bildu ziren Atxondon, EiTBren ‘Origen’ saioan parte hartzeko. Gaur egun sare sozialen bidez jarraitzen dute harremanetan, Facebookeko Gurtubay taldean konparazio.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia