Iragan larunbatean, irailaren 19an, Atxondo herriak bisitari oso bereziak hartu zituen: Gurtubai familiako 50 bat lagun; horietako batzuk Ameriketatik eta Ingalaterratik etorriak, gainera. Familiaren aurreneko bilkura izan zen eta antolatzaileen esanetan, egun zinez berezia, denbora luzez internet bidez hitz egin ostean lehendabizikoz aurrez aurre elkar ikusteko aukera izan zuten eta. Bahia Blancako German Blas Gurtubay euskal argentinarrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, dagoeneko bigarren bilkura prestatzen ari dira.
Bilbo, Bizkaia. Germán Blas Gurtubay argentinarrak Bahia Blancako euskal etxean ikasi zuen euskera, eta urte luzez amets egin zuen bere arbasoen herriaz. Interneti esker munduko beste Gurtubaitar batzuekin harremanetan jarri zen, eta apurka apurka, sarean familia bat osatzen hasi zen.
Iragan larunbatean Gurtubaitar horietako askok elkar ezagutzeko aukera izan zuten, Atxodon, abizena jaio zen lekuan. Han egin zen Gurtubaitarren aurreneko bilkura; antolatzaialeen artean, German bera eta Ana Gurtubay bilbotarra. Euren esanetan, bilkura espero zuten guztia eta gehiago izan zen.
Dukesa bat familian
"Sekulakoa izan zen!", esan digu Germanek. "Atxondon herriko alkateak harrera egin zigun, eta udaletxeko aretoa utzi zigun, han Mayte Sanchez de Gurtubayk familiaren genealogiari buruz aurkezpena egiteko". Dokumentuetan agertzen den aurreneko Gurtubaitarra Catalina de Gurtubay, omen da, Axpen (Bizkaian), 1500 urtean. Familia Bilbora ere zabaldu zen eta han Simón Gurtubay izeneko senitarteko bat makailua inportatzen aberastu egin zen. Haren birbiloba bat, baina, are aberatsagoa izango zen: Albako dukesa ezaguna, Cayetana Fitz-James Stuart y de Silva Falcó y Gurtubay. Hara!
Gurtubaitarrek Atxondon abizenarekin lotura estua duten bi baserri ere bisitatu zituzten: Gurtubaibeaskoa eta Gurtubaiganekoa. Familia argazkia atera zuten bi etxeen aurrean, irailarekin eguzki goxoak berotuta.
Anbotoren magalean
Eguna biribiltzeko bazkaria egin zuten eta bertan astia izan zuten elkar ezagutzeko, agurtzeko eta familiako datu eta pasadizoak elkarri kontatzeko. "Jatetxera heldu ginenerako, nire ustez betidanik ezagunak ginen. Ezta harritzekoa, 1500. urtetik hona gatoz eta!", esan du txantxetan, Germánek.
"Famili bazkari ederra izan zen, gure bizitzen berri emanez, elkar ezagutuz, eta hori dena gainera inguru paregabean, Anbotoren magalean. Ni urte luzez ibili naiz euskal etxea, euskera eta euskal kultura apur bat ikasten, milaka argazki ikusi ditut... baina ezin nuen imajinatu hain ederra izango zenik", amaitu du.
Elkarreratze honen arrakastak animatuta, Gurtubaitarrak hurrengoa prestatzen hasiak dira dagoeneko --2017rako-- eta, bien bitartean, pozik hartzen dituzte egunotan bilerari buruzko albistei esker euren Facebook taldera hurbiltzen ari diren beste Gurtubaitarrak.