euskal diaspora eta kultura
2010/10/08
PUBLIZITATEA
Cordoba, Argentina. Gure Txokoa Euskal Etxeak, urriaren 17a bitartean hirian ikusgai izango den 'Huellas: Las Colectividades en el Bicentenario' erakusketaren antolakuntzan parte hartu du. Cordobako Kolektibitateen Elkarteko kide diren 19 herrialdetako taldeek lagundu dute erakusketaren muntaian, El Agora elkarteko argazkilaritza lantegiarekin batera. Gizataldeek immigrante talde bakoitzak historikoki Cordoban eginiko lana islatzen duten argazkiak utzi dituzte erakusketarako.
Argazkiak uzteaz gain, Gure Txokoak inaugurazio ekitaldian ere parte hartu zuen, Cordobatarrak dantza taldeak eskaini zuen erakustaldiarekin, joan den urriaren 2an, Cordobako Cabildo historikoaren Patio Nagusian. Euskal Etxeak erakusketari laguntzeko egin zuen beste ekimen bat komunitateari irekitako euskara klaseak antolatzea izan zen, Marina Urriza Larraioz irakasle iruindarraren laguntzarekin.
Bestalde, elkartearen hitzaldi sailean ere tartea egin zioten Bigarren Mendeurreneko ospakizunei. Horrela, Edmundo Heredia historialariak 'Córdoba en el Bicentenario' izenburua zuen hitzaldia eman zuen eta Carlos Pacha historialaria Oribeko euskaldunei buruz aritu zen. Bi hitzaldiek erantzun ona izan zuten.
[Gure Txokoak hitzaldi sailaren bidez ere Bigarren Mendeurrena ospatu zuen (argazkia Gure TxokoaEE)]
[Bigarren Mendeurrenari buruzko hitzaldiek entzule asko izan zituzten (argazkia GureTxokoaEE)]
Mondragon esperientzia
Azkenik, aipatu beharra dago elkarteak azken hilabeteotan egin duen ekitaldirik garrantzitsuenetako bat izan zena, Gizarte Ekonomiari buruzko Topaketak. 'Mondragon esperientzia' sakonean aztertu zuten topaketa hauetan, Gure Txokoak antolatuta eta Cordobako Udalaren, Probintziako Gobernuaren eta Euskadiko Ordezkaritzaren laguntzarekin.
[Mikel Lezamiz, Mondragon Taldeko zabalkuntza arduraduna topaketetan (argazkia GureTxokoaEE)]
Mikel Lezamizek, Mondragon Taldeko zabalkuntza arduradunak 'Mondragon esperientzia' zertan datzan azaldu zuen, entzule asko bildu zituen ekitaldian. Cordobako eta Argentinako ekonomia aditu eta espezialista askok parte hartu zuten topaketetan eta komunikabideetan zein hirian oihartzun zabala izan zuen ekimenak.
Irudi gehiago gure Argazki Galerian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus