euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Txokoa EEak 'Cordoba Loiolari kantari' Koru Topaketara gonbidatzen eta bere azken berriak plazaratzen ditu

2015/09/03

Gure Txokoa euskal etxeko kideak Cordoban egindako Global Village izeneko jaialdian (argazkia EE)
Gure Txokoa euskal etxeko kideak Cordoban egindako Global Village izeneko jaialdian (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Mugimendu handiko egunak ari dira bizitzen Cordoba hiriburuko Gure Txokoa-ko lagunak. Azken aste hauetan kolektibitateen ekitaldietan hartu dute parte eta euskal bisitariak jaso dituzte euskal etxean. Ostiral honetan Immigranteen Jaian arituko dira eta irailaren 18rako 'Cordoba Loiolari kantari' Koru Topaketa antolatu dute.

Cordoba, Argentina. Bi gonbite iritsi zaizkigu Gure Txokoa euskal etxetik. Alde batetik, ostiral honetan, irailaren 4an, Cordobatarrak dantza taldeak euskal dantzak taularatuko ditu San Martin Plazan, hiriak antolatu duen Immigrantearen Eguneko jaialdian. Irailean ere, baina 18an, 'Cordoba Loiolari kantari' Koru Topaketa eskainiko du Gure Txokoak, topaketaren 24. edizio honetan, Unibertsitate Katolikoaren Korua, Udal Korua eta La Cantoria de la Merced abesbatza lagun. Hitzordua gaueko 9etanizango  da, hiriko Kultur Gunean, Poeta Lugones kaleko 401. zenbakian.

Stand-a, Cordobako Global Village-n

Global Village izeneko jaialdiak mundu osoko hainbat herritako kultur adierazpenak biltzen ditu Cordoban, tartean hezkuntza arlokoak, dantzak eta sukaldaritzari lotuak. Abuztuaren 22an, Gure Txokoak, Cordobatarrak bere dantza taldearen partaidetzarekin batera, stand gastronomiko bat ere muntatu zuen Studio Theatre aretoan egin zen ekitaldian. Egun osoan zehar euskaldunen ordezkaritza eta euskal kulturaren ikurra eraman zuten euskal etxeko gazteek.

Gizataldeen arlotik atera gabe, eta anfitrioiek gonbidaturik, Cordobatarrak dantza taldeko gazteek kolektibitate poloniarra lagundu zuten Varsoviako Batailaren 85. Urteurrenean. Zeremonia Zirkulu Poloniarrean agitu zen, abuztuaren 23an, eta dantzariekin batera euskal etxeko lehendakari Alejo Martin ere bertaratu zen.

Bisitariak

Hirian Euskal Herriko erreferenteetako bat izanik, bisitari euskaldunak ere iristen dira Cordobako Gure Txokoa-ra euskal giroaz gozatzera. Hori izan da Daltondarrak musika taldearen kasua. Taldearen argentinar biraren baitan, musikari bizkaitarrek Gure Txokoa bisitatu eta kontzertua eskaini zuten horretarako antolatutako topaketa batean. “Euskarazko errepertorio polita taularatu zuten eta publikoari izugarri gustatu zitzaion. Errezitalaz aparte, egun batzuk geratu ziren gurekin, hiria ezagutzeko. Oso ondo pasa genuen eta egunen batean abesti berriekin bueltatuko direla agindu digute”, azaldu dio EuskalKultura.com-i etxeko dantzari den Aletxu Lamayer-ek.

Abuztuaren 23an beste bisitari batzuk jaso zituen euskal etxeak eta Gipuzkoako Bergaratik etorritako familia bati bazkaria eskaini zion instituzioak, dantzariak lagun. Ekitaldian Cordobako Udaleko ordezkariek ere hartu zuten parte, tartean Marcelo Castagno-k. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia