euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Txoko Euskal Etxeak urteroko Euskal Herrira txangoa egin du, Gernika eta Urdaibai bisitatuz

2016/04/28

Valladolideko Euskal Etxeko kideak Gaztelugatxeko ermitan (argazkia Valladolid EE)
Valladolideko Euskal Etxeko kideak Gaztelugatxeko ermitan (argazkia Valladolid EE)

PUBLIZITATEA

Iragan apirilaren 16 eta 17an Valladolideko Gure Txoko elkarteak Euskal Herria bidaia egin zuen, urtero legez, eta oraingoan Bizkaiko bazterrak ezagutzen ibili ziren euskal etxeko kideak. Gernikan hasi zuten bidaia, Juntetxea eta Gernikako Arbola bisitatuz, eta ondoren kostaldera joan ziren, Mundaka eta Bermeora. Igandean San Juan de Gaztelugatxen izan ziren, eta bidaia Bakion bazkaria eginez amaitu zuten.

Valladolid, Espainia. Valladolideko Euskal Etxeak hainbat jarduera burutu ditu azken asteotan, horien artean urteroko Euskal Herrira bidaia. Elkarteko kideentzat urteko hitzordu erakargarrienetakoa da hau, zalantzarik gabe, eta aurten Bizkaia aldera joan ziren bazkideak, apirilaren 16 eta 17an. Bidaia Gernikan hasi zen, Euskal Herrira Museora eta Juntetxera egin zuten bisitarekin. Han bazkideek Gernikako Arbolarekin argazkiak ateratzeko parada probestu zuten.

Ondoren, taldea Urdaibai aldera joan zen, eta Muxikan Berroja txakolindegian txakolina nola egiten den ikusi zuten, eta noski, baita dastatu ere! Bazkalostean, Mundaka ezagutu zuten eta egun Bermeon amaitu zuten. Gaua Bermeoko Atxurra nekazal etxean pasa zuten.

Igandean Matxitxako lurmuturra eta Gaztelugatxe ezagutu zuten bidaiariek. "Ermita igotzeko asmoa duenak, hobe du zapata erosoak janztea!", diote bazkideek. Bidaia Bakion amaitu zen, poteo eta bazkari batekin.

Mus txapelketa eta liburua

Bidaiaz gain, euskal etxeak beste berri batzuk ere eman ditu aditzera. Hasteko, apirilaren 15ean, Fernando González bazkideak "Ejercicio de memoria, Uno y Dos" eleberri historikoa aurkeztu zuela. Zorionak Fernando!

Bestalde, elkarteak berriki egin du bere urteroko Mus Txapelketa, eta aurtengoan irabazleak Alberto de Antonio eta Agustín Hormaeche izan dira. Zorionak txapeldunei!


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia