euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Txoko Euskal Etxea antolatzaile, Euskal Jaiak igande honetan Valladoliden, Eskola eta Gaztelubide EHko gonbidatu

2024/10/18

Valladolideko Euskal Jaietako aurreko edizio bateko irudia, euskal dantzariekin, 2024eko edizioko afixarekin
Valladolideko Euskal Jaietako aurreko edizio bateko irudia, euskal dantzariekin, 2024eko edizioko afixarekin

PUBLIZITATEA

Valladolid, Espainia. Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak urtero antolatzen duen egun nagusia da Euskal Jaia(k), proiekzio publiko handiena duena, ahal dutela Euskal Herriko dantzari, kantari, kirolari edo artistaren bat gonbidatu deituta, bertakoekin batera jarduteko eta ikusgarri egiteko euskal kultura eta Euskal Etxea bera bertako herritarren aurrean. Aurtengoan, Donostiatik helduko dira, batetik dantzariak, Eskola taldearekin, eta kantariak, Gaztelubide. Buru belarri ibili dira antolatzaile Gure Txokoko batzordekideak, Valladolid Avanza-koak eta bertako Diputazioa ere laguntzaile.

Gogora dezagun Euskal Etxeko espedizio bat Donostiara joan zela joan den ekainean, elkarteak urtero egiten dituen irteeretako batean, Euskal Herriko puntu bat bisitatu, EEko abesbatzak emanaldi bat eskaini, eta asteburua goxoan pasaturik bazterrak ezagutzen. Artzain Onaren katedralean kantatu zuten orduan, eta Alde Zaharrean harrera ederra egin zieten Gaztelubidek eta bertako Gaztainaren Orfeoiak. Eta oraingoan bisita itzultzea zegokion, Gaztelubidekoak Valladolidera hurreratuz, eta euren Gaztainaren Orfeoiak Valladoliden kantatuz eta hiria bisitatuz. Eta kantariez gain, dantzariak ere Donostiatik gonbidatzea zegokien, kasu honetan Eskola.Dantza Taldekoak. Kontaktuak fin egin dituzte, besteak beste Gure Txokoko lehendakariorde den Itziar Rodriguezek, berez Intxaurrondoko donostiarra denak.

Igandean, meza nagusi berezia izango dute hiriko San Lorentzo Martiriko Andre Mariaren elizan, Euskal Etxeko Abesbatza kantatuta Javier Frontela zuzendari. Handik ateratzean, emanaldia eskainiko dute eliz kanpoan, aurreskua eta dantza ikuskizuna Eskolako lagunek eginda, eta Gaztelubidekoak kantari, Jaime Tejadas zuzendari Bertatik 'kalejira alaian' joango dira guztiak Udaletxeraino, eta han harrera-ekitaldea bertako erakundeek eskainia. Bazkaria gero, Gure Txokon, euskaldunek Euskal Herrian zein Diasporan, dakiten modukoa, janari hautuaren lagun, giroa ere hautua, musika eta kantua batere falta izan gabe, are gehiago jakinik pianola bat propio enkargatu dutela lagungarri.

Valladolideko Euskal Jaietako egitaraua:

- 12:30 Meza, Euskal Etxeko Abesbatza partaide
- 13:30 Dantzariak elizaren kanpoaldean; Eskolaren aurreskua eta Gaztelubideren kantua
- 13:45 Kalejira udaletxeraino eta harrera-ekitaldia
- 14:00 Dantzaldia Udaletxean
- 15:15 Bazkaria Gure Txoko Euskal Etxearen egoitzan

 On egin, ondo pasa!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia