Azul, Argentina. “Egun jakin baterako sortu zen jarduera, urteroko proiektu bihurtu zaigu”. Halaxe laburbildu dio EuskalKultura.eus-i Elizabet Etchegaray euskara irakasleak eskuartean daukatena. “Eli”-k Azulgo Gure Txokoan ematen ditu euskara klaseak eta euskal etxe gehienetan bezala, abenduaren 8 oroz ospatzen dute bertan Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE). 2018ko ikasurte amaiera eta ENE jairako edari tipiko bati buruzko antzezlana prestatu zuen euskara taldean. Eta patxarana bilakatu zen protagonista.
Horrela sortu zen etxeko patxarana egiteko ideia. Talde berak lan berari eutsi zion 2019an, “Gure patxarana” deitu zioten eta arrakasta ederra lortu zuen. Artisaua zenez, botila kopurua mugatua zuen eta lagun eta ezagunen artean partekatu zuten. Baina izan zen urrunago iritsi zen botila bat: Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk Azulgo Euskal Etxea bisitatu zuenean, botila bat eman zioten, Euskal Diasporaren Museorako, Diasporako beste objektuen artean kokatzeko.
Pandemiak iazko uzta eragotzi zuen. Baina aurten berriro ekin diote. Poz-pozik aritu dira lanean Isabel Bidegain, Evel Bianchi Etchegoyen, Viviana Sagarna, Patricia Mujica, Rosario Barberena, Laura Etcheverry, Marité Cárdenas Zavaleta eta Elizabet irakaslea. Prozesuaren dagokionez, ahabiekin egiten dute "Argentinan ez baita basaranik topatzen". Eurena "egiazko euskal errezeta bat" omen da, baina isilpeko osagai bat ere ba omen du, nahiz eta "jakina, ez dugu esango zein den".
2021eko uzta abenduan, Argentinako udan, egongo da prest eta salgai.
Ekoizleekin harremantzeko: emakumebat@hotmail.com