Mendoza, Argentina. Aspaldidaniko ametsa betetzeko asmoz, Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak abesbatza bat sortzeko prozesuari ekin dio. Proposamena, euskal errepertorioa euskaraz eta gaztelaniaz interpretatuko duen ahots talde bat abiatzea da, hutsetik hasita. Abesbatzak badu izena dagoeneko, 'Gure Kanta', baita logoa ere. Zuzendaria Adrián Rodríguez izango du, Mendozako musikari multi-instrumentista, esperientzia handikoa abesbatzen zuzendaritzan.
Izan ere, beste hainbat euskal etxetan bezala Mendozan ere itzultzen joan dira aurten ekitaldi presentzialak. Abiatu dira dagoeneko, esaterako, musean aritzeko ostiralak, astero hogei bat muslari bildurik urte asko dituen hitzorduari segituz. Martxan da baita ere euskal zinema eta pintxoen zikloa, urtea hasi zenetik bi topaketa arrakastatsu eginda. Edota “Mujeres en Forma” taldea, jarduera fisikoa egitea helburu Leonor Azpillaga irakasle duena, birritan astean.
Larunbat honetan ongietorria euskara ikasleei
Euskara eskolei dagokienez, euskal etxeko irakasle Lautaro Pincheirak adierazi dio Euskalkultura.eus-i urtetik urtera goraka doala euskararekiko interesa eta horrekin batera ugaltzen doazela taldeak. Aurten, konparazio, bost dira maila desberdinetako ikasle-taldeak, aurrez aurre eta online klaseekin. Larunbat honetan egingo dute, egin ere, ikasle guztientzako ongietorri bilera. Badira urte batzuk Lautaro Mendozako EEan ari dela irakasle eta aurten, Bahia Blancakoek hala eskaturik, hangoentzat ere arituko da, online.
'Gure Kanta' abesbatzan parte hartu nahi dutenak gonbidatuta daude lehenengo entzunaldira, maiatzaren 19an, arratsaldeko 7.30etan, Euskal Etxean.
Gustukoa baduzu kantatzea, zergatik ez, anima zaitez!