euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Esku dagok presentzia izan zuen 'Buenos Airesek ospagai'n, Euskal Herriko ekainaren 5eko kontsultak babestuz

2016/05/16

Gure Esku Dago herri dinamika 2016ko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdian
Gure Esku Dago herri dinamika 2016ko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdian

PUBLIZITATEA

Antolatzaileek gonbidaturik, eta aurreko bi edizioetan bezala, Gure Esku Dago herri dinamikako erreferenteek parte hartu zuten 2016ko ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian jendearen txalo eta algara artean. Aurtengo proposamena, Euskal Herriko 34 herritan ekainaren 5ean egingo diren kontsultei babesa ematea ‘boto sinboliko’ baten bidez.

Buenos Aires, Argentina. Maiatzaren 8an egin zen Argentinako hiriburuan ‘Buenos Aires celebra al País Vasco’ (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai) izeneko festa. Jaialdiaren bosgarren edizio hau aurrekoak bezain arrakastatsua izan zen eta hogei mila lagun inguru bildu zituen, partaide eta bisitarien artean, antolatzaileek bildutako datuen arabera.

2014an eta 2015ean bezala, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubiearen aldeko Gure Esku Dago mugimenduko erreferenteek ekintza polita prestatu zuten "euskal diasporako lagunek Euskal Herrian egiten diren ekimenetan, distantzia gorabehera, parte hartu ahal izateko". Aurtengo proposamenean, ‘botoa emateko’ aukera eman zitzaien ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian parte hartu zutenei.

Mugimenduko ordezkariek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez, “Diaspora Euskal Herriaren zortzigarren probintzia da eta bere garrantzia azpimarratu behar da. Bere engaiamendua eta parte hartzea ezinbestekoak dira, eta horregatik hain zuzen gonbidatu ditugu jaialdira etorri ziren lagunak euren ‘botoa’ ematera. Boto sinboliko horrekin euren babesa adierazi nahi diete ekainaren 5ean Euskal Herriko 34 herritan bozkatzeko pausoa ematea joango diren 150.000 herritarrei”.

Pertsona ugari hurbildu ziren Gure Esku dagok Mayo Etorbidean jarritako standera aktibitatean parte hartzera eta bakoitzari argazki bat egin zitzaion. Argazki bilduma bideo honetan ikus daiteke. “Uste dugu era polita dela ekainaren 5ean egingo diren kontsultei bultzada emateko. Horrexegatik proposamena munduko euskal etxe eta norbanako guztiei luzatu nahi diegu, bide sinboliko hau tarteko euren atxikimendua adieraz dezaten, adibidez hautetsontzi, gutunazal edo erabakitze eskubidea aldarrikatzen duten beste edozein baliabideen irudiekin”, animatzen dute Gure Esku Dago mugimenduaren bozeramaileek. 

Arratsaldea sartuta eta agertoki nagusian, ‘Gure Esku Dago’ hitza ere osatu zuten dinamikaren aldeko kideek. Gogora dezagun ekintza honekin Gure Esku Dagok jarraipena ematen diela aurreko urteetako proposamenei. Izan ere, 2014ko edizioan, Giza Kate Bat osatu zen Buenos Airesen ere, eta iaz Argentina, Brasil eta Uruguaiko euskal etxeetako lagunen asmo, desio eta mezuak biltzen zituen oihal erraldoia aurkeztu zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia