Gure Esku Dago herri ekimenak "Erabakia Ehuntzen" ekitaldian parte hartzeko deia luzatu die munduko euskaldunei
2015/04/14
"Erabakia Ehuntzen" ekimenaren aurkezpenen ekitaldian euskal kultura munduko hainbat lagunek partu hartu zuten, esaterako, Kirmen Uribe, Mikel Markez edo Iban Garate aktoreak
PUBLIZITATEA
2014an egin zen giza-katearen arrakasta handiaren ostean --150.000 lagunek parte hartu zuten--, Gure Esku Dago ekimenak erronka berria luzatu du Euskal Herrian zein Diasporan: "Erabakia Ehuntzen" proiektua. Argentinako euskal Diasporak bat egin du dagoeneko egitasmoarekin, eta Gure Esku Dagok AEBetako eta munduko euskaldunei ere parte hartzeko dei berezia egin die. San Frantziskon hasiak dira dagoeneko ekitaldiak antolatzen, eta halaxe egingo dute aurki New Yorken eta Boise ere. Parte hartu nahi baduzu, jarraian azaltzen dizugu zer egin.
Donostia-San Sebastián. Euskal Herritik eta Diasporatik heldutako oihal zatiekin eginiko patchwork erraldoia, horixe da "Erabaki Ehuntzen" egitasmoaren helburua. Oihal zati bakoitzean partehartzaileek Euskal Herriaren etorkizunari buruzko gurariak eta ametsak idatziko dituzte, Gure Esku Dago herri ekimenak abian jarri duen proiektu berri honen baitan.
Antolatzaileek berebiziko garrantzia eman diote Diasporaren partehartzeari eta ekimenarekin bat egiteko gonbitea luzatu diete munduko euskaldunei. "Diasporaren partehartzea ez da soilik ongi etorria, are gehiago, behar beharrezkoa da. Ezin dugu nahikoa azpimarratu zein garrantzitsua den munduko euskaldunen engaiamendua. Hau guztia denon artean egin behar dugu", diote euskal etxeei zuzenduriko gutun batean.
Oihalak, desioak
Ekimenak bi egun nagusi izango ditu:
-Apirilaren 25a, Joste Eguna: herri eta euskal etxe bakoitzean sorturiko taldeetako kideek euren oihal zatietan gurariak eta mezuak idatziko dituzte eta ondoren zait horiek josi egingo dituzte.
-Ekainaren 21a, ekitaldi nagusiak Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko futbol estadioetan. Han jasotako oihal zati guztiak josi eta hautestontzi erraldoiak egingo dira oihal eta gurari horiekin, erabakitzeko eskubidearen irudi.
Argentina eta San Frantzisko, abian
Argentinan euskal etxe askok bat egin dute dagoeneko ekimenarekin (ikusi haien oihal zatiak Gure Esku Dago ren Facebooken), eta AEBetan hasiak dira jarduerak antolatzen San Frantziskon, New Yorken eta Boisen. San Frantziskon, esaterako, Jostunak dokumentalaren emanaldia egin zuten Basque Cultural Center-en. Dokumental honen "Erabakia Ehuntzen" egitasmoaren nondik-norakoak azaltzen ditu.
Gure Esku Dagok dokumental hau eskaini die euskal etxeei, emanaldiak egin eta elkarte bakoitzak bere Joste Eguna antolatu dezan. Ondoren, oihal horiek Euskal Herrira bidali eta ekainaren 20ko ekitaldian erabiliko dira, Diasporako euskaldunen gurari eta mezuak ere hautestontsi erraldoi horien parte izan daitezen.
Nola parte hartu?
-Antolatzaileekin harremanetan jartzeko, bidali e-maila Gure Esku Dago Diaspora atalari, hona
-Informazio gehiago, Gure Esku Dago ekimenaren webgunean