euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Arropa erakusketa Buenos Airesko Arte Dekorazio Museoan egongo da ikusgai, martxoaren 14tik

2014/02/18

Buenos Airesko Arte Dekorazio Museoan ikusi ahal izango diren bi modelo (argazkia M. Mignaburu)
Buenos Airesko Arte Dekorazio Museoan ikusi ahal izango diren bi modelo (argazkia M. Mignaburu)

PUBLIZITATEA

Argentinako hiriburuko Laurak Bat euskal etxeak antolaturik, Euskal Herriko jantzi tipikoak biltzen dituen Gure Arropa erakusketa ibiltaria Arte Dekorazio Museora iritsiko da datorren hilean. Erakustaldiaren baitan eta publikoari Euskal Herriko kulturaren ikuspegi osoagoa emate aldera, beste ekintza batzuk ere burutuko dira, tartean kantu eta dantza ikuskizunak, ipuin saioak eta txistu emanaldiak. Gure Arropa martxoaren 14tik apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izango da.

Buenos Aires, Argentina. Komunitate osoari begirako aktibitate batekin irekiko du bere 2014ko egutegia Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeak. Ekitaldia hiriko Arte Dekorazio Museoan burutuko da, Euskal Herriko kultur adierazpen batzuk ezagutarazteko asmo orokorrago baten baitan.

Proposamenaren erakargarri nagusiena, Magdalena Mignaburuk sortutako Gure Arropa erakusketa izango da seguruenik. Bertan Mignabururen hogeita hamar bat diseinu jarriko dira ikusgai eta horiekin batera, eta erakustaldia osatzeko asmoarekin, Mar del Platako Denak Bat eta Maipuko Anaitasuna euskal etxeek utzitako beste modelo batzuk ere erakutsiko dira. Nobedade gisa, erdi Arokoko buruko batzuk eta oinetakoak ere aurkeztuko dira.

Programa zabalagoa

Erakustaldiaren baitan, euskaldunen kultura sustatuko da eta batez ere Buenos Aires hirian nola mantentzen eta zabaltzen den ezagutarazteko beste motatako aktibitateak ere gauzatuko dira. Alde batetik, Euskal Herriari buruzko bideoak proiektatuko dira. Bestetik, dantza eta musika emanaldiak eskainiko dira. Dantzei dagokienez, Laurak Bat-eko gazteek hartuko dute euskal dantzak aurkezteko ardura. Musika, berriz, Lagun Onak abesbatzaren eta Jose Gutierrez txistulariaren eskutik iritsiko da. Literaturak ere leku berezi bat izango du. Gabriela Mendiak ekarriko ditu Buenos Airesera euskal ipuin klasikoak (egitarauaren data eta ordutegi zehatza laster plazaratuko dira).

Gogora dezagun XVIII. eta XX. mendeen arteko jantziak biltzen dituen Gure Arropa erakusketa Argentinako hainbat herritan egon dela ikusgai azken hiru urteetan, tartean Pellegrini, Rauch, Pehuajo eta Arrecifes-en eta baita ere Santa Fe-ko Venado Tuerton eta Rosarion, batzuk aipatzearren. Buenos Aires hiriburuan ere ikusi ahal izan da ‘Buenos Aires-ek ospatzen du’ izeneko jaialdian.

Arte Dekorazio Museoan burutuko den erakustaldia martxoaren 14tik apirilaren 27ra izango da, egunero, astelehenetan izan ezik. Museoa arratsaldez dago irekita, ordu 2etatik 7etara, eta sarrerak $15 balioko ditu. Jubilatu eta 12 urte arteko neska-mutilentzako sarrera doakoa da. Astearteetan, gainera, sarrera librea izango da. 

-Informazio gehiago, museoaren web orrian, link honetan: www.mnad.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia