Unibertsitatearekin sinatutako akordioari jarraituz Euskal Etxeko ateak formakuntza jasoko duten ikasleei zabalduko zaizkio gaurtik aurrera, Rio Cuartoko herritarren --bereziki herritar gazteen-- mesederako izango den ekimen hau medio. Eskolak ‘Universidad Barrial’ delakoaren baitan kokatzen dira. Karia horretara zenbait moldaketa egin ditu euskal etxeak bere egoitzan, beti ere bere komunitateari hobekien zerbitzeko xedea gogoan hartuta, bertako gainerako elkarte eta erakundeekin lankidetza bultzaturik.
Río Cuarto, Argentina. Hogeita hamabost ikaslek hasiko dute gaur Gure Ametza Euskal Etxean ‘Facilitador Comunitario’ izeneko ikastaroa. Kurtsoa Euskal Etxeak eta Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionalak iaz berritu zuten Lankidetza Hitzarmenaren barruan gauzatuko da eta Hiritarrentzako Trebakuntza arloko Herri Ararterkaritzaren esku egongo da.
‘Universidad Barrial’ proiektua Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionalak kudeatzen du hiriko beste hainbat erakunde lagun. 2016an hasitako ekimen honi esker herritarrek mota askotako doako ikastaroetan har dezakete parte. Euskal Etxeko erreferente Sergio Eguiazuk EuskalKultura.com-i azaldu dionez, Hitzarmenaren barruan Euskal Etxea eskuragai egongo da Unibertsitateak bertan ekintzak antolatu ahal izateko, batez ere Euskal Etxearen inguruko auzoei begira eta beti ere komunitatearen bizi kalitatea hobetze aldera. Unibertsitatearen eta Euskal Etxearen arteko harremanak sendotzeko, Euskal Etxeak Unibertsitateko langileak bere ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu.
‘Universidad Barrial’ programa behar bezala gauzatu eta ikasleak ahalik eta hobekin errezibitu ahal izateko, hobekuntza lan batzuk egin ditu Euskal Etxeak bere instalazioetan. “Ikasgelak txukundu eta egoki hornitu dira eta, izan ere, gaur hasiko diren klaseekin inauguratuko dira”, adierazi du Euskal Etxeak.
Gure Ametza Arrazolatarren 3. Topaketan
Bestalde, Arrazola deituradunek euren hirugarren nazioarteko topaketa egingo dute datorren asteburuan, Kolonbian, Cartagenas de Indias hirian. Gure Ametzako kide den Raul Arrazola bertan izango da eta Rio Cuartoko Euskal Etxearen oroigarri bat helaraziko die bertaratutako senideei. Hona programa.