euskal diaspora eta kultura
2011/07/07
PUBLIZITATEA
Orio, Gipuzkoa. Izenagatik zarauztarra edo oriotarra dela pentsa badaiteke ere, nahikoa da Iker Irazustarekin hitz egiten hastea bere gaztelania argentinarra dela antzemateko. Azentuak hor darrai, nahiz eta lau urte daraman berak Euskal Herrira etortzen. Izena baina, euskaldun petoa du gazteak, izan ere, Argentinako Bahia Blanca hiriko euskal komunitateko familia ezagun bateko kide da. Bere osaba Mikel Irazusta Union Vasca Euskal Etxeko egungo presidentea da, eta halaxe izan zen ere Andoni aitona, Bahia Blanca eta Argentinako euskaldunen artean erreferente izan zena. Bere familia, oso zabala bestalde, Argentinako zenbait hiri eta lekutan dago barreiatua, eta ekarpen handia egindakoa da ondare euskal-argentinarra mantentzeko ahaleginari.
Aitona Andoniren omenez jarri dio Ikerrek izena bere negozio berriari, Orioko hondartzan inauguratu berri duen 'Gure Aitona' jatetxeari. Gazteak Euskal Herrian abian jartzen duen bigarren negozioa da hau, Zarauzko hondartzan dagoen Borghetto txiringitoan ere lan egiten baitu, Kristina Arrillaga 'lehengusina¡-rekin. Borghetto euskal-argentinar eta argentinar askoren bilgune bihurtu da azken urteetan, han, giro ederraz gain, sorterriko produktuak ere aurkitzen dituztelako: Quilmes garagardoa eta 'ferné' izeneko edari tipikoa, adibidez.
Hiru egun baino ez
Irazusta pozik agertzen da Zarautzen, herriarekin maiteminduta. Duela lau urte heldu zen bertara lehen aldiz, Galesetik. "Argentinatik Galesera joan nintzen lanagatik, baina hemen familia nuenez, behin Europaraino etorriz gero Euskal Herria ezagutzea erabaki nuen", azaltzen du. "Zarautzera jaitsi nintzen eta hiru egun baino ez nituen behar izan hemen gelditzeko erabakia hartzeko. Hemengo paisaia eta hemengo jendea asko gustatu zitzaizkidan". Txiringitoaren kargu egin zen Irazusta, eta hiru urtez uztailean eta abuztuan Euskal Herrira propio etorri zen, bertan lan egiteko. Aurten Euskal Herrian behin-betiko gelditzea erabaki du.
[Iker Irazusta euskal-argentinarra (argazkia IIrazusta)]
Euskal Herrian "etxean bezala" sentitzen dela dio Irazustak, nahiz eta Argentinan bizi zenean euskal etxearekin harreman handirik izan ez. "Errugbian jokatzen nuen eta horri egiten nion kasu gehiago. Hori bai, jaietan beti azaltzen nintzen", aitortzen du. Familiak euskal giroan hazi zuela gehitzen du: "Han Argentinan, gure etxea baserri bat bezalakoa da. Berdin berdin diseinatua dago, kanpotik zein barrutik. Eta gainera hemengo argazki eta ikurriñekin beteta dago".
Arbasoen lurraldean harrera hotza izan duten zenbait euskaldunen ondorengoek ez bezala, Irazustak Zarautzen ongi etorri ezinhobea izan duela aitortzen du: "Ate guztiak zabaldu dizkidate, eta eskerrak eman behar dizkiot bereziki Arrillaga sendiari, asko lagundu didate eta", onartzen du.
-Informazio gehiago chiringuito Borghetto-ren Facebook orrian
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus