euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Guk maskara, zuk zergatik ez?" da Boisetik (AEB) euskaraz datorkigun mezua, elkar babes dezagun eskatuz

2020/07/24

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. COVID-19 koronabirusa lagun (kasu honetan etsai esan beharko) joan gara 2020an barneratzen, baina pandemiaren kontrako borrokak terorian hainbat hilabete badaramatza ere, gizakiok ez ditugu oraindik erabat asumitu hartu beharreko neurriak eta leku askotan, gure herrialdeetan, zorrotz aplikatzeko gai baino, hizpide eta solasgai dira, biztanlegoak eta kasu batzuetan agintariak ere, modu malguan eta momentuko borondatearen arabera erabilgai. Hor gabiltza, esaterako, maskara edo musukuarekin bueltaka.

Segidan datorkigun bertso eta testua egungotasun handiko gai honi buruzkoa da, eta gai honetaz kezkatuta dagoen Todor Azurtza lagunak bidaltzen digu Boisetik. Bere esanetan, "osasun adituek diote musukoen erabilerak COVID-19 birusaren hedapena eragozten laguntzen duenaren froga argiak daudela, eta gero eta jende gehiagok erabili, orduan eta hobeto. Halere, AEBtan, musukoaren erabilerak eztabaida beroak sortu ditu".

Todorrek borondate onenarekin osatu ditu bertsook, bertako euskaldunei musukoa erabiltzenaren aldeko deia eginez, "umiltasun handiz, elkar maite dugunez, musukoarekin elkar babes gaitezen aholkatuz". Horretarako, originalean Urkoren musika eta Bitoriano Gandiagaren hitzak zeuzkan "Guk euskaraz zuk zergatik ez" moldatu du eta "Guk masakara, zuk zergatik ez" bihurtu du. Hona bideoa, eta bere transkribapena:

Mesedez ez hasi niri aiuika
ez baita inorentzako kritika
Heriotzak gora doaz eta aldatu behar da dinamika
Izurrite honi elkar aurre egitea ez da politika.

Guk maskara, zuk zergatik ez? (bis)

Erraia dut negar-malkoz etsita
makina bat hildako ikusita
Zoritxarrez ez da babestuko gaituen txertoa ez botika
Covid hemeretzi luzerako gure giroan da, itsatsita.

Guk maskara, zuk zergatik ez? (bis)

Jarraitu behar genuke apika
hau gainditua dutenen taktika
Zapia musuan daukagula ibili gaitezen beti, nahika
Musukoa izan bedi beti elkar babesteko gure irrika.

Guk maskara, zuk zergatik ez? (bis)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia