euskal diaspora eta kultura
2012/12/28
PUBLIZITATEA
Saladillo, Argentina. Zozketa Mariana Armendariz notarioa lekuko egin zen eta 112. zenbakiari suertatu zitzaion lehenengo saria, opari preziatua txartel horren jabe zen Guillermo Zudaire medikuak jaso zuelarik eta beretzat, beraz, Euskal Herrirako bidaia edo horren ordaina ditutan, 11.000 peso. Bigarren saria, 3.000 peso dirutan, 421. zenbakiari egokitu zitzaion, eta saritua patrikan zeramana Atilio Elizagaray kontularia suertatu zen. Hirugarren saria, azkenik, 988 zenbakiak jaso zuen, eta Nancy Fansanori egokitu zitzaion sariko 1.000 pesoak bereganatzea.
['Ekarpen Bonoak' edo 'Bono Contribución' delakoak 200 pesotan saldu ziren, eta ordainketa bakar batean eros zitezkeen edo 50 pesoko lau epe edo alditan. Apirilean jarri ziren salgai, beraz zatikako ordainketak epez garaiz egiten zituztenek aukera izan zuten baita ere 500 peso zozketatzen zituzten beste lau zozketatan parte hartzeko, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian]
Zozketa finala edo nagusia abendu hasieran egin zen, Itxaropen Euskal Etxeak Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) eta Urte Amaiera Festa ospatzeko baliatu zuen aipatzen ari garen ekitaldi honetan. Iaz zozketa berean garaile suertatu zen bikotea ere bertan egon zen, eta sariarekin Euskal Herrira aurten egindako bidaiaren xehetasunak kontatu zituzten, emaztea euskal jatorrikoa izanik sekula ez baitziren bertan egon, eta aukera izan baitzuten Bilbora hegazkinez iritsi eta bereziki Nafarroa-Baxenabarre bisitatzeko.
Ekitaldira bertaratutakoen artean Saladilloko alkate Carlos Gorosito aipa daiteke, euskal etxearen eta egiten duen lanaren lagun ona, eta berak, hain zuzen, eman zion euskal etxeko lehendakari Hector Altamirari Udalak egin dion azken ekarpen ekonomikoa, 30.000 pesokoa. Izan ere, Udala lagungarri izaten ari zaion euskal etxeari euskal egoitza eraikitzeko lanen sostenguan. Obren egoerari dagokionez, Altamirak esan zuenez, "momentu honetan argindarra, gasa eta ur hotz eta beroa" ari dira sartzen. "Iturgintza lanak egin ziren eta tankea muntatzea falta da. Pisuak eta pisu-artea eta sukaldea bukatzea falta da. Ezusterik ez bada, lanak 2013an amaituko ditugu, Saladillo sortu zeneko 150. urteurreneko ekitaldien baitan", adierazi zuen LaManana.com.ar agerkari digitalak jasotako hitztetan.
Euskal etxearen datozen ekitaldiei buruz, komunikabide berak jasotzen duenez, euskal elkarteak Inauteri gauetan kantina ipiniz hartuko du parte otsailean eta, urtarril-otsaileko udako atsedenaren ostean, euskara ikasturte berriko eskolak martxoan hasiko dira, Paulina Lorda irakasle. Interesatuek adin mugarik gabe har dezakete parte.
"Uros eta oso kontent gaude 2012ko balantzea egiterakoan eta agur berezi bat bidali nahi diet gure bazkideei, eurei esker egiten baitugu aurrera. Eskerrak eman nahi dizkiot Saladilloko Herriari ere, etengabe laguntzen baikaitu, baita beste hainbatek ere, tartean Gorosito alkateak eta Alejandro Armendariz diputatuak", esan zuen Altamirak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus