euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guillermo Zubiaga komikigile NY-en: euskal arrastoak jarri zituen Marvel komikietan; orain heroi berria dakar, Joanes

2008/01/17

Guillermo Zubiaga, bere New Yorkeko bulegoan lanean
Guillermo Zubiaga, bere New Yorkeko bulegoan lanean

PUBLIZITATEA

Inoiz X-Force komikia --'X-men' filme famatuaren abiapuntua-- irakurtzen ari zela komikizaleren batek Negu Gorriak taldearen poster batekin edota Gaztelugatxe ermitaren irudiren batekin egingo zuen topo binetaren bazterretan. Irakurlearen irribarrea edo harridura hori ziren hain zuzen euskal arrasto horiek utzi zituen Guillermo Zubiaga marrazkilariaren ordaina. Hamar urtetan NYeko komiki munduan aritu ostean Zubiagak bere istorio propioa sortu du orain: Joanes or the Basque Whaler, Iparramerikan XVI. mendean bale arrantzan ibilitako marinelaren abenturak. Lan honetaz eta munduko hiri nagusienetakoan euskaldun nortasuna mantentzeari buruz solastu da EuskalKultura.com-ekin.

New York, AEB. 'Iparramerikan aurkitu duten idatzizko testurik zaharrenetako bat Joanes Etxaniz Orioko bale arrantzalearen testamentua da [dokumentuak 1584ko data du eta Kanadako testamenturik zaharrena kontsideratzen dute]. Nire ustez bale arrantzale hauen abentura euskal historiaren alde epikoa da, Estatu Batuetan cowboy-ak diren bezala, edota Japonian samurai-ak', esaten du Zubiagak bere azken komikiaren inspirazioa zein den azaltzerakoan.

 

Marrazkilari bilbotarrak proiektu pertsonal bezala garatu du Joanes or the Basque whaler komikia, euskaldunen pasarte historiko honekin liluratuta. Komikian euskal bale arrantzaleen Ameriketako abenturak jaso eta imajinatzen ditu Zubiagak. Bere kabuz argitaratuko du liburua, ingelesez, Estatu Batuetan.

'Ironikoa da, baina azkenean Joanes Etxanizen ondorengoek ez zuten harengandik ezer jaso, testamentua ez zelako Euskal Herrira sekula heldu; baina aldi berean horri esker Ameriketan kontserbatu ahal izan da', azaltzen du egileak. Komikiarekin berdin ez gertatzea da Zubiagaren nahia, eta Euskal Herrirako bidaia egitea, egun hurbilen batean euskaraz argitaratua ikusi ahal izateko. [Goi ezkerreko irudian Joanes or the Basque Whaler komikiaren azala]

'Mamua' Marvel etxeko komikietan

Zubiaga Barakaldon jaioa da baina ikasketak Estatu Batuetan egin zituen. Komiki munduan lan egitea erabaki zuenean New Yorkera mugitu zen eta hamar urtetan Marvel argitaletxearen komikietan jardun zen (Marvelek Spiderman, Hulk, X-Force... bezalako komiki ezagunak argitaratzen ditu Marvelek). Hasiberritan industria honetan ghosting izena duen lan isila egin zuen (ghost, mamua): binetetako bazterrak betetzen dituen marrazkilariarena, eta normalean bere izena ez da kredituetan agertzen.

 

[Goiko irudian X-Force serieko bineta bat; atean itsasita argi ikusten da Negu Gorriak-en sinbolo eta posterra]

Zubiagak, baina, irudietan bere sinadura jartzeko bidea aurkitu zuen, binetetan euskal arrastoak utziz: lauburuak, Negu Gorriak taldearen posterrak, Gaztelugatxe ermitaren irudiak, euskal esaldiak... 'Banekien nire izena ez zela inon agertuko eta euskal pista batzuk uzten saiatu nintzen', azaltzen du. Marrazki hauek X-Force, Witchblade eta Hell Hole komikien ale batzuetan ikus daitezke. Denborarekin bere izena kredituetan ere agertzen hasi zen, baina marrazkilariak euskal 'konexio' modu hau ez zuen alde batera utzi.

 

[Goiko irudian X-Force komikiaren beste bineta bat; 'Missing' kartelean marrazkilariaren aurpegia eta izena]

Euskal nortasuna New Yorken

Euskal kulturarekin kontaktua mantetzeko ahalegina Zubiagaren New Yorkeko bizitzaren parte handi bat da. 'Hona heldu bezain pronto Euskal Etxera joan nintzen eta 1998az geroztik bileratan, afarietan, jaietan... parte hartu dut', gogoratzen du. 'Bertan ezagutu nuen emaztea, Alisa Villalba, aita euskaldunaren alaba eta Estatu Batuetan jaioa'. Alisak ez zuen gaztetan euskara ikasi, baina Zubiagak ahalegin berezia egiten du semeari hizkuntza irakasten. 'Gainera nire emaztearen ahizpa, donostiar batekin ezkondua dago eta semeak eta nik beti euskaraz egiten dugu koinatuarekin eta ilobekin'.

 

[Goiko irudian arrasto euskaldunak Witchblade komikian (pareteko posterrean Gaztelugatxe eta Kursaala ikusten dira) ]

New Yorken ezarritako artista euskaldun honek euskararekin duen harreman estua bere haurtzarotik dator, familiak Bilbo utzi eta Laukinizera bizitzera joan zen garaitik. Edota izkutuko ikastoletan ikasten zueneko garaitik beharbada. 'Ikastolako lehen urtean 'Patxi' [Franco diktadorea] oraindik bizirik zegoen. Gurasoek goizero kafetegi batera eramaten ninduten, han tabernaren bestaldean tranpa-ohol bat zegoen eta handik behera eskilara batzuk jaitsi eta klasea ematen genuen gelara heltzen ginen. 20 bat ikasle ginen, hiru maila, guztira', gogoratzen du. 'Hain txikia izanik ez nintzen konturatzen, baina orain hobeto ulertzen dut gurasoek nik euskaraz ikasi ahal izateko hartu zuten arriskua'.

 

[Goiko irudian Hell Hole komikiko bineta bat (EuskalKultura.com-en ezaugarriak direla-eta binetaren tamaina murriztu behar izan badugu ere, eskuineko aldizkarien izenetan argi ikusten dira Pirineoa, Kaixo, Leire...)]

Lotura interesgarriak

Guillermo Zubiagaren webgunea
www.guillermozubiaga.com

Guillermo Zubiagari elkarrizketa (ingelesez)
www.buber.net

New Yorkeko Eusko Etxea
www.newyorkbasqueclub.com

Marvel Comics
www.marvel.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia