euskal diaspora eta kultura
2012/03/06
PUBLIZITATEA
Gral. Rodriguez, Argentina. Euskal Herriko hainbat kultur adierazpen garatzen dira Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea-n eta komunitate osoa dago gonbidatuta ekintzetan parte hartzera. 2012ko ikasturte hasi berri honetan, euskal dantza eskolak larunbatero izango dira, goizeko 10etatik 12etara, eta arratsaldeko ordu 2etatik 3:30etara. Euskarari dagokionez, bi proposamen daude: umeentzako ikastaroa larunbatetan izango da, ordu 2etatik 3:30etara. Gazte eta helduentzako klaseak, berriz, larunbatetan, baina arratsaldeko 3:30etatik 5:30etara. Argentina dantzak ere irakatsiko dira Eusko Aterpea-n. Eskolak Costumbres Nativas izeneko taldearen zuzendaritzapean egongo dira, asteazken eta ostiraletan iluntzeko 8etatik 10etara.
Mus eta txalaparta tailerrak ere eskainiko dira aurten Gral Rodriguezeko euskal etxearen eskutik. Elkarretaratzeak larunbatero izango dira, arratsaldeko 5:30etan. Eta honi lotuta aipatu behar da joan den otsailaren 26an elkarte barruko mus txapelketa antolatu zela Eusko Aterpea-n. “Duela zortzi urte hasi ginen barruko mus txapelketa bat antolatzen San Fermin eguna ospatzeko. Hau udan egin dugun lehendabiziko lehia izan da eta oso oso arrakastatsua suertatu dela esan behar dugu”, adierazi diote Eusko Aterpea-tik EuskalKultura.com-i.
[Mus eta Txalaparta tailerraren arduradun Marcela Balbi Mutuberria, txapelketa antolatzen (argazkia EE)]
“Mus eta Txalaparta tailerrek ez zuten oporrik hartu. Urtarril eta otsailean astero bildu ziren ikasle Marcela Balbi Mutuverria arduradunarekin. Adin guztietako partaideak izan ditugu; Candela 7 urtekoa eta Maria Elena, 84koa, batzuk aipatzearren. Txapelketan bost bikote neurtu ziren, eta irabazleak Angel Maison y Martin Duhau izan ziren”, jakinarazi digute rodrigueztarrek.
Ohiko Batzar Nagusia eta Eskorgaren Euskalduna
Martxoaren 24an Ohiko Batzar Nagusia burutuko dute Eusko Aterpea-ko lagunek. Bilera arratsaldeko 6etan hasiko da, eta gai zerrendari jarraituz, 2011ko txostena, balantzea eta diruzainen txostena aurkeztuko dira kideek onar ditzaten.
Beste alde batetik, martxoaren 25ean Guillermo Larreguiren omenezko “Baietz egin!” ekitaldia egingo dute Gral. Rodriguezeko euskaldunek. Ibilbide gogoangarri haren 77. urtemugan, Eusko Aterpea-ko lagunak oinez eta eskorga bultzatzen joango dira Gral. Rodriguezetik Lujanera. Ibiltariak euskal etxetik –Mitre kaleko 370 zenbakian– aterako dira goizeko 9etan eta Lujanera heltzean askaria partekatuko dute hiriko Garraio Museoan. Eusko Aterpea-koek ibilbide osoa egitera edo Museora hurbiltzera gonbidatzen dituzte interesatuak. Izena emateko, idatzi aliciaitcea@gmail.com edo mpbalbi@hotmail.com helbideetara.
Raul, mi piace il tuo lavoro. Beti aurrera euskaldunen alde!
Euskal-italiar, 2012/03/06 05:42
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus