euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guillermo Larregui EEak bere 27. urteurrena ospatu du eta urteko bigarren seihileko betea iragartzen du

2016/06/28

27. urteurren jaian, Etxeko neskatxak izan ziren gaueko protagonistak
27. urteurren jaian, Etxeko neskatxak izan ziren gaueko protagonistak

PUBLIZITATEA

Berrehundik gora lagun bildu zituen Chacabucoko Euskal Etxeak bere urtebetetze jaian, tartean Cañuelas eta Pergaminoko euskal etxeetako ordezkariak. Euskal etxeen arteko harremanak ondo asko landu nahi dituzte Guillermo Larregui-ko kideek eta ildo horri tiraka uztail honetan Pergaminon egingo den Dantzarien Topaketan hartuko dute parte. Urteko bigarren zatirako, bsteak beste, Nekazaritza Elkarteko erakustaldia, hileroko elkarretaratzeak eta Euskal Herrirako bidaia dauzkate esku artean chacabucotarrek.

Chacabuco, Argentina. Ekainaren 19an ospatu zuen bere 27. urteurren jaia Buenos Aires probintziako Guillermo Larregui Euskal Etxeak. Instituzioko txikiek izan zuten batez ere festa animatzeko ardura eta ondo baino hobeto egin zuen 35 neskek osatutako taldeak. Helduek, hala ere, ez ziren atzean geratu eta eurak ere zenbait dantza eskaini zizkioten publikoari.

Etxeko lehendakari Pablo Pavesak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “jaia ederra izan zen eta ederra ian zen baita ere talde-lanean aritzea. Etxeko emakumeei tokatu zitzaien afaria prestatzea –tripakiak Bizkaiko erara eta pasta, eta hanburgesak txikientzat–, eta dantzariek, dantzatzeaz gain, gonbidatuen zerbitzari aritu ziren”.

Afarian zehar, euskal oroigarriak zozketatu ziren eta gaua ordu txikiak arte luzatu zen, erromeria giro onenarekin. Aipagarria da Pergaminoko Lagun Onak eta Cañuelasko Denak Bat euskal etxeetako ordezkariek lagundu zutela Guillermo Larregui urtebetetze jaian.

Datozen hilabeteotan

Aktibitateak ez dira inoiz gutxitzen Chacabucoko Euskal Etxean eta oraingoan ere baietz esan diote Pergaminoko Lagun Onak-ek luzatutako gonbiteari. Pavesak azaldu digunez, “Dantzari Topaketa ari dira antolatzen pergaminotarrak eta hara joango gara uztailaren 16an. Neska txikiak ere eramango ditugu eta poz-pozik daude etxetik kanpo dantzatuko dutelako”.

Beste alde batetik, abuztuaren 25etik 28ra hiriko Nekazaritza Elkarteko erakustaldian hartuko du parte euskal kolektibitateak euskal platerak saltzen. Mus txapelketa Nazionalean ere izango dira chacabucotarrak, jokatzeko baina batez ere antolakuntza nola den ikusteko. Izan ere Guillermo Larregui Euskal Etxea bera izango da datorren urteko Txapelketa Nazionalaren egoitza.

Ekintza hauetaz gain, Chacabucokoek jakinarazten dute 41 pertsonek osatutako talde batekin abiatuko direla irailaren 25ean Euskal Herrira. “Harro gaude lortu dugunarekin. Jende ugarik esan digu baietz eta hori ospatzekoa da”, adierazi digu taldeko gida izango den Pavesak. Bidaiari begira, joan aurretik, beste bi elkarretaratze egingo dira Euskal Exean. “Beti ere, euskal gizataldekoak ez diren bidaiariak euskal kulturara hurbil daitezen”. Lehenengo bileran euskal pelikula bat izango da elkartzeko aitzakia. Bigarrenean, hitzaldi bat.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia