Mar del Plata, Argentina. Biak zinez famatuak dira Argentinan eta 'Rincón Basko-Euzko Txokoa' bisitatu berri dute. 2020ko uda datorren igandean hasiko da hego hemisferioan eta Argentinako kostaldeko hiriak hasiak dira prestatzen milaka turista ez ezik, ikuskizun munduko artista ospetsuen bisitak jasotzeko. Azken asteburuan Guillermo Francella eta Joaquin Furriel aktoreak Mar del Platan izan ziren, oraingoan ez lan kontuengatik ‘Copa de Campeones’ futbol txapelketako finala ikusteko baizik.
Igande eguerdian eta Racing futbol taldearen garaipena ospatu eta gero, euskal sukaldaritzaren aldeko hautua egin zuten bazkaltzeko eta hirian 50 urte baino gehiago dituen ‘Rincón Basko-Euzko Txokoa’ jatetxean asetu zuten gosea. Erabakia ez zen seguruenik ausazkoa izan. Izen handia du Mar del Platan euskal jatetxe honek “sukaldaritzaren bidez Euskal Herriaren magia birsortzeagatik”.
Bazkaldu eta gero, jatetxeko arduraduna eta hiriko Denak Bat Euskal Etxeko lehendakari ohia den Jose Martin Azarlozarekin atera zuen argazkia bikoteak.
‘Rincón Basko-Euzko Txokoa’ Mar del Platako Juan B. Justo etorbideko 2201ean dago. Jatetxeak eguerdiz zein gauez eskaintzen ditu otorduak eta erreserbak +54 (0)223 493-2621 telefonora edo Rincon Basko kontuan sartuta egin daitezke.
‘El árbol de la sangre’ filma
Aktoreok euskal kulturarekin duten harremanari dagokionez, gogora dezagun Joaquin Furriel Julio Medem zuzendari donostiarraren El árbol de la sangre pelikulako protagonistetako bat dela. Are gehiago, Bizkaiko baserri batean grabatutako filmean, euskarazko lerro batzuk dauzka argentinarrak.