euskal diaspora eta kultura
2012/12/19
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzaren Gobernu-Kontseiluak atzo egin zuen aldi berri honetako lehenengo bilera, Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu eta bere gobernuko zortzi sailburuak izendatu zituenetik. Lehenik onetsitako erabakien artean, hainbat goi-kargu kargugabetu eta haien ordezkoak izendatzea aipa daiteke, horien artean Lehendakaritza, Kanpoko Harremanetan eta Kanpoan bizi diren Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzan.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi berria, Guillermo Echeniqueren ordea hartuz, Marian Elorza da, eta Julian Celayaren ordea hartuko duena datozen egunetan izendatuko dute.
Hau guztia gertatzearekin batera, Guillermo Echeniquek eta Julian Celayak bi gutun zuzendu zieten munduko Euskal Gizataldeei, azken agur modura, EuskalEtxeak.net-ek islatu bezala. Hona gutunak:
GUILLERMO ECHENIQUEREN GUTUNA (ikus pdf-a hemen)
Adiskideok:
Ondo dakizuenez, joan den larunbatean Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu zuten. Logikoa denez, Euskadin aro berri bat hasten da.
Gaur goizean bertan Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izendatua izan da Marian Elorza, eta berari orain hasten den eginbeharrean arrakastarik handiena opa diot bihotzez.
Lau urte zoragarriak izan dira, eta aukera eman didate Gobernuaren Kanpo Harremanetarako ekimena bideratzeko. Ahalegindu gara funtsezko tresna izateko euskal enpresa sarearentzat, baita lotura ia munduko herri guztietan bizi zareten euskal herritarrekin ere.
Agur egiteko lerro hauen bitartez nire eskerrik beroena eta adiskidetasuna adierazi nahi dizkizuet, baita neure lan taldearena, hala zuei nola bost kontinenteetako euskal erakundeei.
Herri handi bat dugu Euskadi, behar bezala zaindu eta kanpoan proiektatu behar dugu. Eta zuek gure herriaren oinarrizko partea zarete.
Zuen esanetara nozue, zeozer behar izanez gero. Hori dela eta, hona hemen duzue nire posta-elektronikoaren helbide pertsonala: gecheniquegonzalez@gmail.com
Bide batez, Eguberri zoriontsua eta urte berri pozez beterik opa dizuet, zuei eta zuen senitartekoei.
Eskerrik asko.
Guillermo Echenique González
JULIAN CELAYAREN GUTUNA (ikus pdf-a hemen)
Bederatzigarren legegintzaldia amaitzear dago, eta ez dut zuek agurtzeko aukera galdu nahi. Guztiok lagun izan zaituztet, nor bere sinesmenekin, Euskadiko historiako lehenengo gobernu sozialistaren ibilbide zoragarri eta bizi honetan.
Zuen ahalegina eta lankidetza eskertu nahi dizkizuet. Era berean, adierazi nahi dizuet Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzaren buru izatea oso esperientzia aberasgarria izan dela, dela kargu honetan aritu naizen denboran ezagutu ditudan pertsonengatik, dela gobernu honek kanpoko euskal komunitateen eskura jartzen jarraitu duen programengatik.
Hori horrela izanik, ezin ditut ahaztu Donostian egindako Euskal Gizataldeetako V. Biltzarra, ezta kongresu horren ondotik sortutako 2012-2015 laurteroko plana ere, aho batez onartua. Esandako planak biltzen dituen jarduketa-lerroak, era berean, Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeak berretsi zituen.
Izan ditugun harreman eta eztabaida guztiak «GUZTION ARTEAN» lelopean egindako V. kongresuan geratu dira islatuta, eta erabat ziur nago aurrerantzean ere jarraituko dutela eta oinarri gisa sendotu egingo direla, jatorrizko Baskoniako euskaldunen eta kanpokoen arteko harremana eraikitzeko.
Horregatik guztiagatik, eskerrik asko. Besarkada handi bat.
Eguberri zoriontsua eta urte berri on opa dizuet bihotzez, adiskideok!
Julián Celaya Loyola
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus