Gaztelania ikasteko ‘Gramera Berria’ izeneko eskuliburua 1860. urtean argitaratu zuten Buenos Airesen, Cervantesen hizkuntza ez zekiten euskaldunei zuzenduta. Mende eta erdi geroago, berriro ere argitaratuko da balio handiko material hau, Montevideon, Euskal Erria argitaletxearen eskutik eta Alberto Angulo, Miren Itziar Enecoiz, Jon Ander Ramos eta Oscar Alvarez Gila adituen ardurapean.
Montevideo, Uruguai. 2012an sortu zen Montevideon Euskal Erria argitaletxea eta sortu zenetik hona hamabi liburu kaleratu ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Euskaraz dauden testuen artean, Josu Legarretaren Udazkenean aske aipa daiteke, 2009 urtera arte Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria izan zenaren autobiografia. Euskarazko argitalpenen artean 1615. Baskavigin ere badago. Honek 1615. urtean Islandian hil zituzten euskal baleazaleei buruzko istorioa kontatzen du. 1615. Baskavigin argitaletxearen salduenetakoa izan da orain artean, Sophia Etxeberria idazle euskal estatubatuarraren Baba Zula and the White Horse-rekin batera.
Balantze oneko bost urte hauen ostean, bide berari eusteko asmoa dauka proiektuko arduraduna den Alberto Irigoyenek. Egile euskal-uruguaitarrak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “liburu berriak kaleratzen eta klasikoak berrargitaratzen segituko dugu. 2018 honetan hiru izenburu berri argitaratzeko asmoa daukagu; momentuz hala ere, bat bakarrik dugu erabat baieztatuta: Gramera Berria 1860an Buenos Airesen kaleratu zen eta euskaldunei gaztelania irakasteko eskuliburua da; guk egingo dugun argitalpenaren arduradunak Alberto Angulo, Miren Itziar Enecoiz, Jon Ander Ramos eta Oscar Alvarez izango dira”, jakinarazten dig Irigoyenek.
Argitaletxe euskal-uruguaitarra
Euskal Erria argitaletxea 2012an sortu zen, Montevideoko Sociedad de Confraternidad Vasca Euskal Erria delako euskal etxearen mendeurrenaren baitan eta Uruguaiko hiriburuan Euskal kultura mantendu eta zabaltzeko elkartea eraiki zuten lagunen omenez. Gogora dezagun euskal etxea jaio zenean, eta Evaristo Bozas Urrutiaren eta Arnaldo Parrabere-ren eskutik, Euskal Erria izeneko egunkaria hasi zela kaleratzen Elkartea. "Egunkaria aldizkari bihurtu zen eta 1960 urtera arte argitaratu zen. 1003 zenbakirekin euskal etxe batek argitaratutako argitalpen iraunkorrena izan zelarik".
“Euskal Etxearen baitan, azaltzen du Irigoyenek, beste bi erakunde sortu ziren: Club del Libro Vasco eta Euskaltzaleak Kidegoa. Biek izan zuten euskarazko liburuak argitaratzeko ardura eta Uruguaiko Universidad de la Republican ireki zen Euskal Ikasketen Departamentuaren bultzatzaileak izan ziren". "Erakundeotako kideen artean, Pedro Artetxe zegoen, nire aitona, nolabait nire inspirazioa izan dena proiektua hau martxan jartzeko”, aitortzen du historialari uruguaitarrak.
Egungo argitaletxeak, egunkariak zeukan helburu bera dauka, hala nola euskal kultura eta euskara hedatzea. “Eta nahiz eta Euskal Erria Euskal Etxearekin harreman estua izan, esan behar dut gu ekimen independentea garela harengandik”, diosku arduradunak. Argitaletxearen eginkizunei dagokienez, euskal gaiak jorratzen dituzten eta euskal kultura ulertzeko laguntzen duten liburuak argitaratzen ditu. Irigoyenek ongi dioenez, arlo akademiko guztietako testuak hartzen dituzte, "batez ere humanitate eta gizarte zientziakoak, genero guztietakoak: fikziozkoak (nobelak, antzerki lanak, olerkia) eta baita memoriak ere. Idazleek bidali ahal dizkigute euren lanak, guk gure inguruko adituei ematen dizkiegu balora ditzaten eta horren arabera erabakitzen dugu argitaratuko ditugun".
-Euskal Erria argitaletxearekiko harremanbidea, editorialeuskalerria@gmail.com
-proiektuari buruzko informazio gehiago, http://editorialeuskalerria.eu/quienesSomos.php