General Rodríguez, Argentina. Arrakasta eta oihartzun handiarekin burutu zen Buenos Aireseko mendebaldeko herrian "Expo General Rodríguez 2024", bertako potentzial ekonomiko eta kulturala nabarmendu zuen gunea. Azken edizioa egin zenetik hamarkada bat igaro ondoren, hiru egunez berriro elkartu ziren Udal Kiroldegian kultur ekintzaile, industria eta artistak 50.000 pertsona baino gehiago baturik. Euskal Aste Nazionaleko datetan izan bazen ere, bertan izan zen euskal etxe rodrigueztarra ere, euren kultur zabalkunderako standarekin, publikoaren jakinminari erantzuten eta bisitariak Eusko Aterpea-ra hurbildu eta bertako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen.
Megaerakusketa azaroaren 15ean, ostiralean, hasi eta 17an, igandean, bukatu zen. Euskal Etxeko standa, hiriko gizataldeen ordezkari bakarra, bertako erakundeak bildu zituen karpa erraldoian egon zen, azpibatzordeko kideek eta bazkideek zerbitzatuta. Pantaila batean, Euskal Herriko paisaia, jai eta dantzen irudiak eskaini zituzten eta souvenirrak eta artisautza lanak izan zituen salgai. Hainbat kontsulta jaso zituzten abizenen jatorriaz eta beren esanahiaz, hizkuntzaz eta informazio turistikoaz. "Bero handia egin arren, larunbatean jende asko bildu zen, eta igandean, nahiz eta sekulako ekaitza izan, bisitariak ez ziren kikildu. Gure jardueren berri eman genuen, laster egingo dugun koruen topaketa tartean, eta urte bukaerako afarirako txartel ugari saldu genituen!", azaldu dio Eusko Aterpeko lehendakari Raul Taretto Larghik EuskalKultura.eus-i.
Ezker-eskuin: Marcelo Ponce, Raúl Taretto, Francisca Vicente, Mauro García intendentea, César Ponce eta Udaleko Prentsa idazkari Sebastián Piccardo
Ekitaldiak 100 enpresa baino gehiago bildu zituen, hitzaldiak gauzatu ziren, Felipe Pigna historialariarena eta Dario Sztajnszrajber filosofoarena besteak beste, zuzeneko showak, ekintzaileen gune eta patio gastronomiko bat. Inauguraziora, Axel Kicillof Buenos Aires probintziako gobernadorea ibertaratu zen, eta Mauro Garcia udal intendenteak Eusko Aterpea-ren standa bisitatu zuen. "Oso pozgarria da euskal etxea aitortua dela sentitzea. Udal eta erakunde mailako ekitaldi, hitzaldi, ikastaro eta proiektu guztietara gonbidatzen gaituzte. Eta, Expon, oraindik ezagutzen ez gintuzten azoka honetako bisitariek, interesez galdetu dute euskal etxeari buruz, non gauden eta zer egiten dugun”, adierazi digu gogoz Eusko Aterpea-ko erreferente Francisca" Kika "Vicentek.