euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gral. Rodríguez-ko Eusko Aterpeak joan den igandean ospatu du Aberri Eguna, eta zilarrezko ezteiak ari da prestatzen

2024/05/15

Gral. Rodriguezko Eusko Aterpeako Batzordeko kideak joan den maiatzaren 12an antolatutako  Aberri Egunaren ospakizunean
Gral. Rodriguezko Eusko Aterpeako Batzordeko kideak joan den maiatzaren 12an antolatutako Aberri Egunaren ospakizunean

PUBLIZITATEA

General Rodríguez, Argentina. Ez da gauza arraroa Diasporan euskal festa eta hitzorduetako batzuk ez ospatzea Euskal Herrian ospatzen diren data berean. General Rodriguez-en, bertako Eusko Aterpea Euskal Etxeak joan den igandean, maiatzaren 12an egin zuen bat Aberri Egunarekin, eta arrakasta handiz egin zuen gainera, ohi duen moduan, 130 bat jende bilduz bere egoitzara Aberri Eguneko bazkarian, horietatik gehienak Rodriguez bertakoak, baina baita inguruko herrietako euskal komunitateetakoak ere.

Aberri Eguna urteroko ospakizun garrantzitsua da Eusko Aterpean, duela hamabost egun Gernikako Bonbardaketaren urteurrena gogoratzea izan zen bezala, alkatea ere bertan zela

Ekitaldia banderadunak EEko areto nagusira sartu zirenean abiatu zen, Agustina Etcheberry-k Argentinako bandera nazionala zeramala, eta Federico Etcheberry-k, ikurrina. Etcheberrytarrak izan ziren, ondoren dantzatu zen ohorezko agurra bertaratutakoen aurrean  dantzatu zutenak. Ondoren, Eusko Aterpeako lehendakari Raul Taretto Larghi Aberri Egunaren esangurari buruz mintzatu zitzaien bildutakoei eta iragarri zien prestatzen ari direla, eta laster jakinaraziko zaiela datozen hilabeteetan garatuko duten kultur egitaraua. Izan ere, abuztu hondarrean 25 urte beteko ditu Eusko Aterpeak, eta merezi duen eta dagokion moduan nahi dute ospatu.

'Txerrikumearen zozketa' famatua ere egin zuten, EEko parrilak menperatzen dituzten Juan Itcea, Jorge Etcheberry, Andres Itcea eta Cesar Ponce bazkideak erretako alea jokoan. Zorioneko irabazlea bertako bazkide Enrique Mauregui izan zen. Ohi bezala, bildutakoek txalo ozenak eskaini zizkieten parrilleroei eta bazkaria arrakastaz garatzeko elkarlanean aritu ziren guztiei, eta arratsaldea herri dantzaldi bikain batekin amaitu zen. Eusko Aterpea-ko lagunekin bat egin nahi zutenen artean, José C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeko kideak, Cañuelaseko Denak Batekoak, eta Moreno, Luján eta Buenos Aires hiriko euskal komunitateetako ordezkariak..

Intendentearen bisita

 
Mauro Garcia Intendentea (seigarrena, ezkerretik eskuinera) Eusko Aterpeko egoitzan egindako ekitaldian izan zen

Hamabost egun lehenago, apirilaren 26an, Gernikako Bonbardaketaren 87. urteurrenaren egunean, Gral. Rodriguez-eko intendente edo alkate Mauro Garciak bat egin zuen Eusko Aterpea-ko kideekin, sarraskia gogoan euskal egoitzan antolatutako ekitaldian. Hitza hartu zuten bazkideek (argazkian Juan Itcea mintzo da) data honek euskaldunentzat daukan esanahi berezia aipatu zuten, eta intendentearekin hizpide hartu zuten Eusko Aterpeak hiriko Plaza Nagusian landatutako Gernikako Arbolaren kimua, eta honek euskal askatasunen ikur gisa duen garrantzia; baita historia ez ahazteak eta gogoetak duen balioa ere, akatsetatik ikasteko eta aurrera egiteko nahia duten gizarteentzat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia