General Rodriguez, Argentina. Datorren larunbatean, ekainaren 24an, gaueko zortzietatik aurrera, ezaugarri bereziak izango dituen 'Euskal Erromeria' baterako gonbitea luzatu du Gral Rodriguezko Eusko Aterpea Euskal Etxeak, urtean zehar bere baitan lanean ari diren talde eta jarduera guztiak bildu eta bakoitzak egiten duena azal dezan, gainerako bazkide eta lagun guztiekin partekatuz elkartearen eraikin eta egoitza instituzionalean, Buenos Airesko eremu metropolitanoko hiri honen Mitre 370 kaleko helbidean.
Elkarteko lehendakari Raul Tarettok Euskalkultura.eus-i adierazi dionez “Elkar hobeto ezagutzea izan da Zuzendaritza Batzordearen asmoa, Euskal Etxean aritzen diren guztiek elkar hobeto ezagutzea eta hobeto jakitea gainerakoek zer egiten duten eta, horrela, aterpe dugun elkartearekiko partaidetza zentzua areagotzea". "Horregatik, neguan sartu berriak egongo garenez, 'fresko samarra' iragartzen den gau bat pasatzera gonbidatzen dugu, musikak, janari onak eta konpainia hobeak ematen duten epeltasuna lagun, Eusko Aterpeko hormek babestuta”, dio euskal buruzagi rodrigueztarrak.
Ikuskizunak, mikrohitzaldiak eta kantina zerbitzua
Euskal Etxeko dantza taldearen eskutik, Euskal Herriko dantza ikuskizun labur batez gozatuko dute bertaratzen direnek; euskara ikasleek oinarrizko agurrak irakatsiko dituzte; 'Costumbres Nativas' baletak Argentinako dantza folkloriko tradizionalen erakustalditxo bat eskainiko du; UCLOk (Unidos contra la obesidad - Gizentasunaren aurka elkartuak) taldekoek dieta osasuntsu baten onurak aipatzen dituen hitzaldi laburra eskainiko dute; 'Coral de un Tiempo' kantu elkarteak bere errepertorioko zenbait abesti partekatuko ditu; Bonsai Kultura Eskolak, milaka urte dituen arte honi buruzko sarbidea eskainiko du; eta EEko sukaldaritza taldea bertan izango da, pertsona gehiago euren ezagutza gastronomikoak aberastera animatuz.
Kantina zerbitzuak 'txoripana', enpanadak, txistorra eta edariak eskainiko ditu: gaseosak, ardoak, kafea, ardo beroa kanelarekin eta kalimotxoa; eta gozozaleenek, euskal pastela, 'pasta frola' eta tartak izango dituzte dastagai. Sarrerak, zozketetan parte hartzea barne, 500 peso bana..