euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

General Rodriguez-eko Eusko Aterpeak bere egoitzako obrei jarraituz ekin dio 10 urte betetzen dituen urteari

2009/03/06

Eusko Aterpeak 'Nikomedes Iguain Azurza' liburutegia inauguratu zuenekoa (argazkia EuskalKultura.com)
Eusko Aterpeak 'Nikomedes Iguain Azurza' liburutegia inauguratu zuenekoa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gogo handiz ekin dio General Rodriguez herriko Eusko Aterpea Euskal Etxeak, Argentinako Buenos Aires probintzian, 10 urte beteko dituen urteari. Batetik, bere egoitzako eraikuntza lanei eutsi die eta ipar alderdiko pareta ari da goititzen. 12 metro falta zaizkio amaitzeko eta onartzen ditu lagungarri izango zaizkion doaitzak. Honi loturik, EEak 'ekarpen bono' batzuk ere atera ditu, apirilaren 11ean zozketatuko direnak. Elkarteko Ohiko Biltzar Nagusia hil honen 21ean egingo duen Eusko Aterpea ekitaldi proposamen zabala iragarriz sartu da bere urteurren urtean, tartean euskal dantza eskola eta taldea, 'Hitz Nagusiak' hitzaldi sorta, euskara tailerrak, Eguzkilore zine-kluba edo 'Nikomedes Iguain Azurza' liburutegia, 6.129 liburuki dituena.

General Rodriguez, Argentina. Eusko Aterpeak urtean zehar ospatuko sortu zeneko hamargarren urteurrena. Hasteko, udako oporrak pasatuta, martxoa bere egoitzako obretan aurrerapausoak emanez hasi du urtea, Ipar alderdiko Paretari ekinez hain zuzen. Horma horretako 76 metro koadro egin dira jadanik. Honi dagokionez, Zuzendaritza Batzordetik oroitarazi nahi dute oraindik bere laguntasuna ekarri ez duen bazkiderik badago, laguntzeko garaiz gaudela, hamabi metro gelditzen baitira oraino obraren zati hori amaitzeko. Doaitza norberaren izenean joan daiteke edo norbaiti eskainia, in memoriam.

Atal honetan ere, komeni da azpimarratzea 'Obren Ekarpen Bonoa' plazaratua eta salgai dagoela dagoeneko. Zozketa apirilaren 11ean egingo da, egun horretako Gaueko Ohiko Loteria Nazionaleko zenbakiari lotua. 700 pesoko lehenengo sari bat banatuko du, eta baita bigarren bat ere, 300ekoa. Bonoak 30 pesoren truke daude salgai, batera ordainduta, eta 20 pesoko bi kuotatan ere eros daiteke.

Biltzar Nagusia martxoaren 21ean

Elkarteko araudiek diotenari jarraiki, Eusko Aterpeak martxo honetan egingo du bere Ohiko Biltzar Nagusia, Mitre 370ko egoitzan, arratsaldeko bost t'erdietan. Gaia, iazko txostena eta balantze ekonomikoa onartzea.

Martxoa argentinar euskal etxe guztietan ikasturte berria hasteko hilabetea denez eta onena gauzei lehen bait lehen ekitea denez, Eusko Aterpeak gaur bertan hasiko ditu bere dantzarien aktibitateak, bilkura baterako deia zabaldu baitu bost t'erdietan, bertara dantzari txikiak, euren gurasoak eta dantzan interesa izan dezaketen heldu guztiak gonbidatuz.

'Hitz Nagusiak' egitaraua

Datorren asteko larunbatean, martxoaren 14ean, arratsaldeko bost t'erdietan, 'Hitz Nagusiak' egitarau arrakastatsuko atal berri bati emango zaio bide, kasu honetan hizlari izango dena Marta Ducca anderea izanik. Ohi bezala --honetan datza programa hau-- hizlariak bere bizitza eta ibilbideari buruz jardungo da eta bere bizipenen lekukotasuna emango du. Sarrera, ohi bezala, libre eta kitorik.

Bestetik, Euskal Etxeak zabaldu dagoeneko  bere Euskara Tailerretan parte hartzeko izen-emate epea, haurrei zein gazte eta helduei dagokienez. Tailerrok apirileko lehenengo asterako hastea espero da.

Eguzkilore Zine-Klubaren beste emanaldi bat

Martxoaren 21ean, larunbata, titulu berri baten proiekzioa gauzatuko da, Aguzkilore zineklubaren eskutik. Filma 'La suerte está echada' izango da Sebastian Borensztein zuzendari eta bestelako partaide Gastón Pauls, Paola Krum, Marcelo Mazzarello eta Julieta Cardinale. Amaitutakoan kantina eta txoripanak izango dira.

Azkenik, Zuzendaritza Batzordeak gure erredakziora helarazi duen oharrean argitzen denez, Eusko Aterpearen baitangoa den baina aldi berean liburutegi publikoa den 'Nikomedes Iguain Azurza' bibliotekak iazko ordutegiari eutsiko dio, hala nola, astelehen, asteazken eta ostiraletan arratsaldeko lau t'erdietatik, zazpi t'erdiak arte. Liburuzaina, berriz, Francisca Vicente, 'Kika', "beti bezala atsegin eta profesionala, beti arretatsu". Euskal Etxeak sustatu nahi du liburutegiaren erabilera. "Bere 6.129 liburukiak zure zain daude!", dio.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia