euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gral. Rocako Gure Etxea-ren eskutik, San Juan suak Patagoniako gau luzeari argia eta beroa ekarri zizkion

2011/06/30

San Juan Suaren inguruan Euskal Herriko dantza tradizionalak egin zituzten euskal etxeko eta Patagoniako Ballet Fundazioko dantzariek (argazkia EE)
San Juan Suaren inguruan Euskal Herriko dantza tradizionalak egin zituzten euskal etxeko eta Patagoniako Ballet Fundazioko dantzariek (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Neguaren hotzak eta sumendi-errautsek ez zituzten Gral. Rocako lagunak kikildu. Izan ere, bertako Gure Etxea euskal etxeak gonbidaturik, 150 bat lagun bildu ziren ekainaren 24an herriko Kanal Handiko anfiteatroan Gure Etxeak antolatu zuen ekitaldian parte hartzeko. Dudarik gabe, sua izan zen gaueko protagonista; eta suaren inguruan euskal etxeko eta Patagoniako Ballet Fundazioko dantzariek guztien gustuko ikuskizuna eskaini zuten. Horrela, hotza eta beroaren arteko mugan ospatu zuten aurten beren “sanjuanada” Rio Negro probintziako herri honetako euskaldunek.

Gral. Roca, Argentina. Duela bost urte hasi ziren Gral. Rocako Gure Etxea euskal etxeko kideak neguko solstizioa -- udakoa Euskal Herrian eta Ipar Hemisferioan -- ospatzen. “Hasieran, gure arteko jaia zen, batez ere txikientzat zuzendutako ekintza zen”, azaldu dio Gure Etxea euskal etxeko lehendakaria den Emma Trapagak EuskalKultura.com-i. “Gero, Elkarte Espainiarreko eta Galiziar Zentroko kideek gehitu zitzaizkigun eta azken hiru urte hauetan elkarrekin ekin diogu jaiaren antolakuntzari”, adierazi du Trapagak.

Gral. Rocako sanjuanada 2011 01

[Euskal dantzek erakarri zuten publikoa suaren berotasunera (argazkia EE)]

Aurreko edizioetan bezala, herriko Kanal Handiko anfiteatroan piztu zen San Juan sua. Nahiz eta 8 gradu zero azpitik izan eta Txileko Puyehue sumendi-errautsen kaltea jaso, 150 lagun inguru bertaratu ziren anfiteatrora. Hor euskal etxeko dantzari guztiak – txiki, gazte eta helduak – pasatu ziren agertokitik euren dantzak erakusteko. Eta dantzaren arloan ere, opari berezi bat zuten euskal etxeko ordezkariek publikoarentzat: Gau luzeenean, Patagoniako Ballet Fundazioko dantzariek, jaian parte hartzeaz gain, euskal dantzak interpretatu zituzten beren errepertorioan.

Gral. Rocako sanjuanada 2011 02

[Jaia bukatu ondoren, euskal etxean bildu ziren antolatzaileak (argazkia EE)]

Udal interesekoa izendatua izan zen ekintza honek, herriko agintari eta hedabideak ere erakarri zituen. Eta gonbidatu guztiei eskaini zizkieten sagar torta eta txokolate beroa euskal etxeko kideek.

Gral. Rocako sanjuanada 2011 03

[Euskal etxeko txikienak (argazkia EE)]

Sua apaltzen joan zenenean, publikoa anfiteatrotik urruntzen hasi zen. Gure Etxea-ko lagunak, berriz, haien egoitzara bildu ziren jaiaren arrakastaz disfrutatzeko. Eta arrakasta bera espero dute Gral. Rocako euskaldunek uztailaren 2rako. Izan ere, datorren larunbatean gorriz eta zuriz jantziko dira Patagoniako euskaldunak sanferminak ospatzeko.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia