euskal diaspora eta kultura
2013/10/23
PUBLIZITATEA
Gral. Roca, Argentina. Patagonia argentinarraren iparraldean kokatuta, Alto Valle del Rio Negro delako eskualdeko herri nagusietako bat da Gral. Roca. Bertatik, eta duela 15 urte baino gehiago, euskal erreferente bihurturik, euskal kultura hedatzeko ardura hartua du Gure Etxea euskal etxeak. Kari horretara, ingruko herriek antolatzen dituzten Gizatalde Jaietan bere kide eta dantzarien partaidetza bermatzen saiatzen da euskal erakunde ekimentsu hau.
Antolatzaileen gonbiteari erantzunez, urriaren 13an Lamarque herriko Gizataldeen agertoki nagusian egin zuten dantza Gure Etxeako Urte Askotarako dantza taldeko partaideek. Jaiaren hirugarren edizioa, asteburuan, 12-13an, gauzatu zen eta stand gastronomikoak eta ikuskizun ugari eskaini zizkion publikoari, tartean, euskal etxeko dantzariena.
Baina Lamarquekoa ez zen izan 2013ko Kolektibitateen Jaietan Rocako dantzariek eskualdean egindako emanaldi bakarra. Aste batzuk lehenago, irailaren 5ean, Villa Reginako Immigranteen Festan beste dantza erakustaldi bat oparitu zioten bertako jendeari. Rio Negro probintziako Kultur Sailak adierazi duenez, IX. edizio honetan, immigranteak eta euren ondorengoak omentzeko asmoa duen Festak bi mila inguru lagun bildu zituen, eta guztiak gozatu ahal izan ziren janari eta dantza tipikoez.
[Villa Regina Gral. Rocatik 50 kilometrora dago. Herriko Etorkinen Jaia irailaren 5ean gauzatu da aurten eta bertara joan ziren Gure Etxea-ko dantzariak. Mariuchi monitorearen eskutik, euskal etxeko neskek ‘Arku Dantza’ dantzatu zuten unea biltzen du irudiak (argazkiaEE)]
Eskualdeko Gizataldeen ekitaldien partaidetzaz gain, General Rocan bertan ere badituzte bestelako zereginak euskal etxeko kideek, besteak beste Euskal Herrian ospatzen diren jai ezagunenak ohoratu eta segida ematea. Munduko beste hainbat euskal elkartek egin zuten bezala, Gral. Rocakoak ere ospatu dituzte aurten ere sanferminak, zapi gorriak astinduz.
[San Fermin bazkaria euskal etxeko egoitzan burutu zen. Oroigarri gisa, txapela txikiak banatu ziren (fotoEE)]
Eta baliabide ekonomikoak biltzeko eta denbora berean komunitateari zeharo apreziatzen duen zerbitzu bat eskaintzeko, janari salmentak egiten dituzte Gure Etxea-ko kideek. Abuztuko menua Argentinan tipikoa den lokroa izan zen eta primerako harrera izan zuen zaleen artean. Etorkizunari begira dauzkaten planen artean, euskal zine ziklo bat burutzeko ahalegina behar da aipatu. Ekintza euskal etxeko egoitzan izango da eta dagoeneko hasiak dira antolatzaileak programa osatzen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus