euskal diaspora eta kultura
2013/10/10
PUBLIZITATEA
Gral. Las Heras, Argentina. Partaidetza nabaria du Zazpirak Bat Euskal Etxeak herriko jaialdietan. Are gehiago, erakunde berak bultzatzen ditu gaur egun herri mailan gauzatzen diren jai horietako batzuk. Eta pasa den asteburukoa horren adibide ona da, dudarik gabe.
[Auto klasikoen erakusketa General Las Heraseko Udaberriko jaiaren erakarpenarik handienetako bat izan zen (argazkiaEE)]
Udalaren Udaberri Jaiaren barruan eta karrozen desfilea osatzeko, auto klasikoen erakusketa antolatu zuen euskal etxeak. Hamabostik gora erakuslek hartu zuten parte kabalkadan, tartean, Cañuelas, Merlo, Marcos Paz, Lobos, Roque Perez eta herriko bertako autoen bildumagileak. Kotxeak herriko plazaren inguruan ibili ziren, ikurrinak zeramatzatela.
Euskal kutsua ordea, ez zen ikurrinetara mugatu. Autoekin batera, euskal etxeko ‘Iturri Zaharreko Ur Berria’ taldeko dantzari eta buruhandiak ere atera ziren, dantzan, kalera. Euskal musikaren erritmora, kalejira osatu zuten gazteek kotxe eta karrozen artean. Eta euskal zaporeak ere dastatu ahal izan ziren Udaberri Festan. Herrian irekiko den Euskal Tabernaz disfrutatzen hasteko, txorizo sagardo erara eta txistorra eskaini zitzaizkion publikoari.
Egoitza eta Euskal Taberna
Euskal etxeko alma materra den Luis Echegarayk jakinarazi dio, bestalde, EuskalKultura.com-i primizia gisa, laster irekiko dutela erakundearen egoitza. “Herriko klub zahar bateko instalazioak alokatu genituen eta bertan egingo ditugu egoitza eta Euskal Taberna".
Orain, "zaharberritze lanak egiten ari gara baina uste dugu hilabete eta erdi barru prest egongo dela inauguratzeko. Udaberriaren Eguneko Jaian prestatu genituen txorizo eta txistorra, tabernan jan ahal izango denaren aurrerapena izan da”, azaldu digu Echegarayk.
Egoitzaren inaugurazioarekin batera, beste proposamen batzuk dituzte Gral. Las Heraseko euskaldunek azaro eta abendurako: “Jesuitek ebanjelizatzen zuten bezala, guk ‘euskaldunizatu’ behar dugu. Eta horretarako mota askotako ekintzak eginez gizarteko txoko guztietara heldu behar dugu. Adibidez, azaroaren 24an, ‘Ford A’ren zaleen topaketa egingo dugu. Horretaz gain, eta hirugarren urtez jarraian, urte amaierako jaia antolatuko dugu. Beti bezala, ekintza asko egingo ditugu eta bazkari nagusia, abenduaren 1ean izango da”, iragarri digu Zazpirak Bat-eko presidenteak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus