euskal diaspora eta kultura
2011/03/31
PUBLIZITATEA
Gral. Las Heras, Argentina. “XIX. mendearen amaieran euskaldun mordo bat bizi zen jadanik Gral. Las Heras-en”, azaldu dio Luis Echegaray Gral. Las Heraseko euskal etxearen bultzatzaile nagusiak EuskalKultura.com-i. “Garai hartan artzain eta esnetegi arloan lan egiten zuten gehienek. Euskal Herriko ohiturei eusteko asmotan, 1960. urte aldera jatorri euskalduna zuten lagun batzuk biltzen hasi ziren haientzat esanguratsuak ziren jaiak ospatzeko, San Inaziorena kasu. 'Zazpirak Bat' izenarekin jaio zen talde hura, ordea, ez zen oso jendetsua eta laster desegin zen”, kontatu digu Echegarayk.
Hirurogeigarren hamarkadan sortu zen taldeak egindako bidea laburra izan zen; baina euskal erakunde bat sortzeko asmo hura ez zen desagertu. “1999an Euskal Herria bisitatu nuen”, diosku Echegarayk. “Esperientzia izugarria izan zen niretzat eta euskaldunak berriro biltzeko zerbait egin behar zela ohartu nintzen”, adierazi du Las Heras-eko egungo euskaldunen erreferenteak. “Etxeratu nintzenean, berehala murgildu nintzen diaspora argentinarraren kontuetan. Mikel Ezkerrorengana jo nuen eta berak laguntza eskaini zidan. Las Heraseko bi egunkaritan euskaldunei buruzko artikuluak argitaratu nituen, eta oro har herriko hedabide guztietan mugitu nintzen Euskal Herria ezagutarazteko helburuarekin”.
Luis Echegaray-k egindako lana ez zen alferrikakoa izan eta poliki-poliki fruituak ematen hasi zen. 1999tik, 'Zazpirak Bat'-eko lagunak eskualdeko euskal etxeetako ekintzetan parte hartzen hasi ziren eta 2004an Gral. Las Heras herriko I. Gizataldeen Topaketan stand bat muntatu zuten.
[Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak antolatutako V. Dantzarien Topaketan, Gral. Las Heraseko dantzariek Fandango, Arin Arin eta Kalejira dantzatu zituzten bertako taldearekin batera (argazkia EuskalKultura.com)]
“Orain 30 dantzari ditugu; haietako batzuek iazko Euskal Astean dantzatu zuten Cañuelaseko Euskal Etxeko dantzariekin batera. Larunbatero entseatzen dute Cañuelasen eta asteazkenero hemen, Las Herasen”, kontatu du Echegarayk. “Datorren urratsa euskal etxeko Zuzendaritza Batzordea osatzea da. Horretarako, laster luzatuko dugu deia. Batzordea izan bezain laster Izaera Juridikoa aterako dugu euskal etxearen egoera formalizatzeko”.
“Familia handi bat bezalakoak gara. Gaur egun ehun bat kide gara euskal etxea aurrera eraman nahi dugunok eta oso pozik gaude. Gehitu nahiko nuke, gainera, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak eta horko lehendakaria den Daniel Sancholuzek urte hauetan emandako babesa ezin estimatuzkoa izan dela. Esker oneko hitzak baino ez ditugu beraientzat”, azpimarratu du Luis Echegarayk.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus