euskal diaspora eta kultura
2013/06/19
PUBLIZITATEA
Gral. Las Heras, Argentina. Urteko lehenengo ekintza izango da hau Gral. Las Heraseko euskal etxeko kideentzat eta murgilduta daude erabat antolaketan. Hala ere eskarmentua badute San Juan eta San Pedro egunak ospatzen aurtengoa baita festa eratzen duten hirugarren edizioa.
Azaltzen dute euren helburua euskal kultura zabaltzea dela. "Eta baditugu arrazoi onak hori egiteko", diote". "Gure arbasoak euskaldunak ziren, euskal odola dabil gure zainetan eta euskal sentimendua ez da galtzen. Are gehiago, belaunaldiz belaunaldi transmititzen da. Gure arbasoek utzi behar izan zuten euren lurra baina herrialde hau eraikitzen lagundu zuten. Horregatik gure errespetu eta miresmena merezi dute. Eta uste dugu hau bezalako kultur ekitaldien bidez merezi duten omenaldia eskaintzen diegula”, adierazten dute Gral. Las Heraseko euskal etxeko arduradunek.
San Juan eta San Pedro jaia ekainaren 22an ospatuko dute. Iluntzeko 7:30etan Sportsmen Klubetik aterako dira dantzari eta buruhandiak kalejiran. Herriko Plaza de la Madren, trenbidearen aurreko eremuan, sorgin erraldoi bat erreko dute eta suaren inguruan etxeko dantzari anfitrioiek Cañuelaseko taldearekin batera Euskal Herriko ohiko dantzak eskainiko dituzte, "izpiritu txarrak uxatu eta aro berri bati hasiera emateko".
Sua apaltzen denean Sportsmen Klubera abiatuko dira berriro ere, lagun arteko afaria partekatzera. Menua: enpanadak eta dilistak. Txartelak salgai daude 120 pesotan helduentzat eta 70 umeentzat. Informazio gehiago eskuratzeko, zazpirakbat.lh@gmail.com helbidera idatzi.
Cañuelaseko Sua
Hurrengo asteburuan sua General Las Heras ondoko herrira bidaiatuko da eta ekainaren 29an Cañuelaseko ‘Parque de la Salud’ eremuan erreko da. Hori baino lehen, arratsaldeko 6:30etan bilduko dira Denak Bat-eko lagunak euskal etxearen egoitzan hortik eta kalejiran parkera joateko. Suaren zeremonia amaitzean, jaiak erakundearen areto nagusian jarraituko du euskal dantzekin eta afari batekin. Emanaldian, etxeko gazteek ez ezik, Gral. Las Heraseko dantzari eta Las Cañuelas Eskolako dantza tailerreko ikasleek ere hartuko dute parte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus