euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gral. Belgrano, Trelew, Rosario… Gernikako Arbolak errotzen segitzen du Argentinan. Zure euskal etxeak badu bere kimua?

2022/12/14

Ezkerrean erdian, Tandilgo Gure Etxeko lehendakariorde M. Castillón, alboetan Haraneko Euskal Etxeko M. Ibarbia eta S. Abraham dituela; eskuinean, kimua UNRn landatzeko ekitaldirako gonbidapena
Ezkerrean erdian, Tandilgo Gure Etxeko lehendakariorde M. Castillón, alboetan Haraneko Euskal Etxeko M. Ibarbia eta S. Abraham dituela; eskuinean, kimua UNRn landatzeko ekitaldirako gonbidapena

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina . Rosarion, Alejandro Vila UNRko Humanitate eta Arte Fakultateko dekanoak hala eskatuta, ostiralean, abenduaren 16an, Gernikako Haritzaren kimu bat landatuko dute, hiriko Zazpirak Bat euskal etxearen dohaintza. Jarduera joan den astelehenerako zegoen programatuta, baina, klimatologia medio, atzeratu egin behar izan dute. Azken kokalekua Fakultatearen egoitzako patioa izango du, Entre Ríos 758an. Bertan, haritza, Euskal Herriaren askatasunen ikurra, beste zuhaitz ikoniko batzuekin batera haziko da, hala nola 'Ginkgo biloba', Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoetatik bizirik atera zena, eta olibondoa, itxaropenaren lorategi batean.

Orain egun batzuk, Euskararen Nazioarteko Egunean, Haraneko Euskal Etxeak (Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxe ohia) Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuen, Tandilgo Gure Etxeak dohaintzan emana. Euskal etxe honek “Legatua eta Ondarea - Zuhaitz Ondoan” ieneko basotze eta parkatze proiektua darama, Tandilgo M. Rodríguez plazan hazten den haritzaren ezkurrak oinarri hartuta ernaldutako eta landutako kimuak zaindu eta eskainiz. Haritza hori Bizkaian, Gernikako Juntetxean dagoenaren ondorengoa da.

Proiektu honen beste kimu bat Gral. Belgranoko Gure Etxeari eman zioten. Honek udazkena arte itxaron beharko du 'Abuztuaren Lehena' plaza nagusian landatu ahal izan dezaten, bizi dugun lehorte handiak orain bertan lurrera aldatzea kaltetuko lukeelako. Buenos Aires probintziako Dolores herriko euskal elkarteak, Saladilloko Itxaropen euskal etxeak eta Mendozako Denak Bat elkarteak dagoeneko egin dute euren eskabidea eta laster jasoko dute kimua.

Tandilek kimu bat eskaintzen dizu

Pentsatu izan duzu inoiz zure euskal etxeak Gernikako Arbolaren ale bat landatu, zaindu eta hazten laguntzea? Asko dira munduan barrena euskal sinbolo biziduna den zuhaitza eurenean landatu duten euskal etxe eta komunitateak, toki edo eskualde bakoitzean euskal hazia bertako lurrari esker biziarazi eta loratuz. Tandilgo Gure Etxeak eskaintza egiten duela jakinarazi du, euskal etxeei, edo era batera edo bestera euskal etxeekin lotura duten pertsona edo erakundeei, kimu bat eska dezaten, baldin eta landatzeko leku egokia eta zaintzeko borondatea badute.

Emailez gureetxeatandil@gmail.com helbidera jo dezakete edo Facebook bidez komunikatu edo Santiago Benavides Lanzekin kontaktatu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia