Urte osorako ospakizun programa zabala ari da antolatzen La Pampa probintzia argentinarreko Euzko Txokoa. Jarduera nagusiak urteurrenaren egunean bertan izango dira, otsailaren 28an, larunbata, eta euskal kulturari buruzko hitzaldia baitaratuko dute, baita euskal etxeko garai guztietako kide eta agintariak bilduko dituen elkarretaratze bat.
Gral. Acha, Argentina. Aktibitate handiko instituzio bihurtu da azken urte hauetan Euzko Txokoa euskal etxea. Kirol jarduerak dira General Achako herriari egiten dion ekarpenaren zati garrantzitsu bat, izan ere instalazio ederrak baitauzka, hala nola igerileku klimatizatua, pilotalekua eta polikiroldegia.
Oraingoan, ostera, eta instituzioaren barrutik euskal kulturari bultzada bat emateko, Euskal Herriari eta euskaldunei buruzko hitzaldi bat eskainiko du Mikel Ezkerro irakasleak, horretara gonbidatua, Euzko Txokoa-ren urteurren egunean. Hitzaldiaz gain, protokolozko ekitaldi bat ere antolatuko da otsailaren 28an, Gral. Acha inguruko euskal etxeetako ordezkariekin batera, hiriko eta probintziako mandatariak gonbidatuz, euskal etxeko garai guztietako agintariak eta gaur egungo bazkideak ere lagun. Ekitaldiaren baitan, hiru banderadun aukeratuko dira euskal etxean nagusi diren beste hiru jardueren ordezkari aritzeko: pilotari, saskibaloilari eta igerilarien ordezkari alegia.
Osvaldo Videla instituzioko lehendakariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “urtebetetze honetan euskal kultura ezagutaraztea da gure lehentasuna eta kari horretara gonbidatu dugu Mikel Ezkerro Buenos Airestik. Azken boladan ez dugu gai hori sobera landu eta berreskuratu nahi dugu instituzioaren oinarria delako; hori izan zelako euskal etxea sortzearen arrazoia, 1965ko otsailaren 28 hartan, Francisco Galarraga fundatzailearen etxean”.
Hitzordua goizeko 9:30etanfinkatu da. Urteurren egitaraua emendatzen joango da, hala ere, proposamen gehiago, konparazio martxoaren 1ean herri mailako Pilota Txapelketa jokatuko da Euzko Txokoa-ko pilotalekuan. Eta maiatzean Txahalaren Jaiaren 43. edizioan hartuko du parte euskal etxeak.