euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euzko Txokoak igerileku klimatizatua inauguratu du, ekarpen berri bat General Acha-ko herriari

2012/12/19

Gral. Achako Euzko Txokoa-ko igerileku klimatizatua (argazkiaEE)
Gral. Achako Euzko Txokoa-ko igerileku klimatizatua (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Komunitatearen beharrak kontuan hartuz eta herritarren eskaerari erantzunez, La Pampa probintziako General Acha herriko euskal etxeak hiru hilabeteko berritze lanak egin ditu bere igerilekua egokitu eta klimatizatzeko. Egitura berria bukatutakoan, igerilekua protokolozko ekintza batekin inauguratu zen joan den ostiralean, izen handiko Jose Meolans eta Eduardo Otero igerilarien partaidetzarekin. Igerilekuak araudiaren araberako neurriak ditu –10 x 25m– eta hobekuntza honekin urte osoan zabalduko zaio publikoari. Hau ez da, ordea, Euzko Txokoak komunitateari eskaintzen dion baliabide bakarra. Bere instalazioetan euskal pilota, saski baloia eta patin eskolak ere ematen dira.

General Acha, Argentina. Euzko Txokoa Euskal Etxeko igerilekua 1968an inauguratu zuten euskal etxeko agintariek eta garai hartako goi mailako Luis Candioti igerilaria bertan zela. Proposamena oso baliagarria izan ohi da herritarrentzat baina beti ere udaran bakarrik. Izan ere, irekita egoten zen abenduaren amaieratik martxoaren hasierara arte.

Komunitatearen behar horren aurrean, herriko euskal erakundeak beharrezkoak ziren egokitze lanak egin ditu igerilekua klimatizatzeko. “Auzokide baten ideia izan zen. Berari iruditu zitzaioan jendearen diru sostenguarekin egin genezakeela obra. Hasierako asmoa 400 lagunen kontribuzioa biltzea zen. Ez gara oraindik zenbaki horretara iritsi, beraz lagundu nahi duenak egin dezake, gurekin kontaktuan jarriz (Facebook-en, Centro Vasco Euzko Txokoa). Diru hori igerilekua erabiltzeko paseekin itzuliko zaie lagundu duten guztiei”, azaldu dio EuskalKUltura.com-i Euzko Txokoa-ko lehendakari Osvaldo Videlak.

Gral. Achako igerilekua 2012 01

[Igerilekuaren egokitze lanen prozesua (argazkiaEE)]

Igerilekuaren erabilerari dagokionez, aukera asko zabalduko dizkiola herriko jendeari jakinarazi digu Videlak: “Udako jolas jarduerez gain, oso garrantzitsua izango da tokia kirolari eta bizkortze fisikoa egin behar dutenentzat. Orain arte, hori egiteko 110 kilometro egin behar ziren gutxienez hemen General Achan igerileku klimatizaturik ez zegoelako. Orain herriko eta inguruko herrietako jendeak hemen bertan dauka aukera”.

Gral. Achako igerilekua 2012 02

[Euren Igeriketa-klinikaren saioa bat eskaini zuten Jose Meolans eta Eduardo Otero igerilariek Gral. Achako euskal etxean joan den asteburuan (argazkiaEE)]

Egitura berriaren inaugurazioa joan den abenduaren 14an gauzatu zen xingolen mozketa eta mahai-inguru batekin. Probintzia eta herriko agintarien artean, aipatu behar da lagundu zutela Videla lehendakaria Udaleko Kultur Zuzendari Miguel Angel Beck-ek, Udaleko Gobernu idazkari Nazareno Venezuela-k, Udalbatzaburu Adriana Dominguez-ek eta probintziako diputatu Alejandro Odasso-k.

Gral. Achako igerilekua 2012 03

[Eduardo Otero, Osvaldo Videla eta Jose Meolans (argazkiaEE)]

“Inaugurazioaren ondoko mahai inguruan, Jose Meolans eta Eduardo Otero igerilari ospetsuak izan ziren gurekin. Asteburuan, gainera, bi kirolariek Igeriketa-Klinika delako euren proiektuaren saio bat eskaini zuten ireki berriak diren instalazioetan. Eta hau gutxi izango balitz, ‘lekuaren babesleak’ izatearen ohorea onetsi zuten kirolariek”, adierazi digute Euzko Txokoa-tik.

Gral. Achako igerilekua 2012 04

[Euzko Txokoa-ko pilota lekua eta pilotariak (argazkiaEE)]

Bitartean, euskal pilota eskolek aurrera jarraitzen dute Raul Vicens eta Eduardo Ziaurritz pilotarien eskutik. Hamabi bat neska-mutil biltzen dira astero pilota lekuan jokatu eta entrenatzera. “Etorkizunari begira Euskal Herriarekin lotura duten beste ekintza batzuk ere gustatuko litzaiguke garatzea, hala nola, euskal dantzak. Zentzu horretan beste garai batean euskal etxea izan zena berreskuratu nahi dugu. Baina instituzioa geldirik egon zen urte askoz eta orain poliki poliki gauzak egiten ari gara”, azaldu digu euskal etxeko nagusiak.

Bere bidea egiten ari bada ere, Euzko Txokoa herriko erreferente bat da eta aipatutako ekintzez gain saskibaloia, patin klaseak eta kiroldegi bat daude Dorrego kaleko egoitzan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia