Hilabete honetatik aurrera, La Pampa probintzia argentinarreko Gral. Achako euskal etxeak logotipoa eta erakundea ordezkatzen duten kirolarientzako arropa modelo berriak izango ditu. Diseinuak Melisa González Poey gazteak egin ditu, Euskal Herriaren ikur diren ikurrina eta lauburua baliatuz. Euskal Etxeak, bestetik, gonbitea luzatzen dio komunitateari datorren larunbatean 'Afari Amerikano' batean parte hartzeko.
General Acha, Argentina. Kideen eta oro har komunitatearen partaidetza bultzatzeko asmoarekin erakundearen logotipoa eta kiroletako arropa diseinatzeko lehiaketa bat antolatu zuen Gral. Achako Euzko Txokoa euskal etxeak. Lehiaketa bukatuta, Melisa González Poey achatarra izan da irabazlea ikurrina, lauburua, zirkulua eta gizakia batzen dituen irudi batekin. Egileak azaldu duenez, diseinuan "ikurrina eta lauburua elkartasuna eta berdintasuna adierazten dituen zirkulu baten barruan daude; behealdean, berriz, hiru gauza horiei eusten dien gizaki baten irudia dago; eta horren esanahia da guztion artean erakunde oraindik ere hobea egin ahal dugula".
Euskal etxetik zoriondu nahi izan dituzte irabazlea eta euren lanak bidali zituzten parte hartzaile guztiak ere. Bide batez, esker beroak adieraziz epaimahaikideei lan irabazlea hautatzeko hartu duten lanagatik.
Afaria eta dantzaldia
Berri honekin batera, datorren asteburuari begira beste proposamen batekin kaleratu da Euzko Txokoa bere komunitatearekin konpartitzeko. Larunbatean "Afari Amerikano eta Dantzaldi" batera gonbidatzen du instituzioak. Euskal etxearekin batera hiriko Rotary elkarteak antolatuko du ekitaldia eta helburua klubeko areto nagusiko teilatua konpontzeko dirua biltzea da. Sarrerak 200 pesotan (helduentzat) eta 100 pesotan (3 eta 12 urte arteko umeentzat) daude salgai.