euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Graciela Iriondo: 'Zilbor-heste batek, Atlantikoaren azpitik doazen sustraiek lotzen naute Euskal Herriarekin'

2010/04/21

Graciela Iriondo Nafarroako Etxalar herria bisitatzen
Graciela Iriondo Nafarroako Etxalar herria bisitatzen

PUBLIZITATEA

Graciela Iriondo Echaide Buenos Airesen jaio zen, giro eta ohitura euskaldunak ongi finkatuak zeuden etxe batean. Gurasoek, María Josefa Echaide Iriberri eta Remigio Iriondo, asmatu zuten Euskal Herriarekiko maitasuna trasmititzen jakiten; horregatik eta Graciela Necocheara ezkondu zenean, berehala hasi zen bertako Euzko Etxean parte hartzen. Bertako 'Emakume Azpibatzorde'ko kide, Iriondok kultur ekitaldi frango antolatzen lagundu zuen: kontzertuak, hitzaldiak eta orohar euskal komunitatearen bizitasuna islatzen zuten ekimenak. Egindako lanak fruituak ekarri zituen. Azpibatzordeko lehendakariak kargua utzi nahi izan zuenean Gracielari eskatu zion bere ordea har zezan. Iriondok onartu eta ideia berriak ekartzeari ekin zion, tartean Necochean San Sebastian eguna ospatzea. Duela 30 urte Iriondok egindako proposamena Euzko Etxea-ko jairik kuttunetako bat da gaur. Graciela Irionok berak, bere berri, eta egungo festa ospetsu hau nola sortu zuen azaldu dio EuskalKultura.com-i.

Sabrina Otegi/Buenos Aires, Argentina. "Garai hartan Arantxa Zubillaga dantzari zebilen euskal etxean; eta bera oso ondo gogoratzen da lehenengo jai hartaz. Baita bere neba ere", kontatu du Graciela Iriondok EuskalKultura.com-ekin solaskide. "Pasa den udan Necochean izan nintzen eta Arantxarekin egin nuen topo. 'Graciela', esan zidan, 'gogoratzen zara zuk antolatutako San Sebastian Jaiak 30 urte beteko dituela aurten?'. Eta egia da, jadanik 30 urte pasatu dira. Zorionez lagunak ditugu batzuetan gure oroitzapenak guk baino hobeto gordetzen dituztenak.

Aitatxi-amatxi euskaldunak, bilobak argentinarrak

Graciela Iriondoren aiton-amonak, bere aitatxi-amatxi, Echaide eta Iriberri, Nafarroatik etorri ziren Argentinara; amatxi Lesakakoa zen, eta aitatxi Igantzikoa. 1920 inguruan argentinaratu ziren. Amona, Tomaxenekoborda-koa zen eta Euskal Herria uzteko erabakia gurasoak gaztetan hil zitzaizkionean hartu zuen. Neba-arreba batzuk jadanik hemen zituen, Necochean. "Amatxik Argentinan bizi izan zuen bere bizitza ia osoa eta familia ere hemen sortu zuen baina herrimina bizikide izan zuen", kontatzen digu bere biloba Iriondok. "Lesakako elizako ezkilak jotzen ari dira momentu honetan", esaten zidan maiz arratsaldetan Olivosko gure etxean. Elkarrekin bizi ginen han, aitatxi-amatxi, gurasoak eta seme-alabak. Tamalez aitaren aldeko aitatxi-amatxi ez nituen ezagutu. Ni jaio baino askoz lehenago hil ziren", oroitzen du.

Echaide Iriberri senar-emazteak Buenos Airesen gelditu eta hiru seme-alaba izan zituzten. Baina familiaren egoera laster aldatuko zen. 1936an, Gracielaren aitatxik Europara joan behar izan zuen jaraunspen edo herentzia kontu batzuengatik eta gerra zibila lehertu zela eta ezin izan zen itzuli. Guardia zibilan sartuarazi zuten eta urte askoz ez etxean ez zuten bere berririk izan. "Oso zaila izan zen garai hura amatxirentzat", azaltzen du Gracielak. "Oso zaila baita bakarrik dagoen emakume batentzat familia aurrera ateratzea. Horregatik Necocheako ahaideengana jo zuen. Amatxi eta bere hiru seme-alabak luze batez geratu ziren han. Azkenean, urteak eta gero aitatxik bueltatu ahal izan zuen. Orduan familia osoa Buenos Airesen kokatu zen berriro".

Graciela Iriondo 2010 1

[Graciela Iriondo eta bere ama Pepita 1979an Laurak Bat-ek antolatutako ospakizun batean]

Bere ama Pepita izango zen seguruenik Gracielaren Euskal Herriarekiko maitasuna gehien sendotu zuena. "Ama, María Josefa Echaide Iriberri, ni bezala, inguru erabat euskaldunean jaio zen. Bere gurasoek euskaraz hitz egiten zuten haien artean, baina Diasporako hainbat etxetan gertatu legez ez zioten amari irakatsi. Dena den nire seme-alabei euskarazko seaska-kantak abesten zizkien. Pepita abeslari lirikoa zen, sopranoa, eta Lagun Onak abesbatzako kidea izan zen. Duela 30 urte hil zen, minbiziaren kontrako burruka luze bat galdu ostean".

Necocheara ezkondu 

1975. urtean Graciela Iriondo Juan Leoncio 'Basko' Iriberri Elicecherekin ezkondu zen eta Necocheara joan zen bizitzera. "Bi seme-alaba liluragarri izan genituen, Juan Bautista (33) eta María Josefina (31) Iriberri Iriondo", adierazten du amak oso harro. Necocheara heldu bezain laster bertako Euzko Etxean hasi zen parte hartzen, hain zuzen Etxeko garai hartako 'Emakumeen Azpibatzorde'ko bileretan ideiak proposatzen. "Nire ahaide batzuk musikariak zirenez gero, kontzertu pare bat antolatu genituen. Necocheako neguak oso luzeak izaten dira eta ekitaldi horiekin errazagoa zen neguaren tristura gainditzea. Nire ahizpa Silvia Iriondo Juan Juncales lagunarekin musika bikote kideak ziren eta kupleak hiruzpalau aldiz jo zuen han. Gure asmoa kulturalki zerbait egitea zen, euskal etxeari gasturik eragin gabe", aitortzen du.

Graciela Iriondo 2010 2

[Gracielaren seme-alabak, Juan Bautista eta María Josefina Iriberri Iriondo, euskal jantzitan, prest San Inazio jaira joateko]

Egindako lanak bere fruituak eman zituen. Orduko Azpibatzordeko lehendakariak, Nélida Azcoitik, kargua utzi nahi zuen eta Gracielari eskatu zion ordea hartzea. Taldeko gainerako emakumeen oniritziz, Iriondok erronka onartu zuen. "Niretzat ohore handia izan zen", aitortzen du Iriondok, "eta berehala oatu genuen Batzorde berria: Sarita de Zubillaga lehendakariorde, Chice Volpe idazkari eta Adriana de Bilbao diruzain. Denbora galdu gabe, lanari ekin genion. San Inazio jaiaren data gainean geneukan eta ekintzak antolatu behar genituen'.

Emakume Azpibatzordeko lehendakaria

San Inazio jaiak hainbat jende batzen zuen urtero Necochean, euskal etxeko kideak eta kideak ez zirenak, herriko neguko alaigarri. Azpibatzordeko buru eman zuen lehenengo urtean, Iriondok eta bere amak, Pepitak, Felipe Arana apaiza gonbidatu zuten San Inazioko euskarazko elizkizunak egitera; handik aurrera urtero hurreratuko zen apaiza jaian parte hartzera. "Lehenengo urte hura ahaztezina izan zen niretzat. Izan ere San Inazio jaian bertan sortu zen San Sebastian eguna ospatzeko proiektua. Bazkaltzen ari ginenean, Arana apaizarengana hurbildu eta galdetu nion, 'Zer jai ospatzen da Euskal Herriko neguan, alegia gure udan?'. Eta berak erantzun 'San Sebastian, urtarrilaren 20ean'”. Berehalaxe aipatu nien Azpibatzordeko gainerako kideei. Haiek onartzen bazuten bi jai izango genituen; bata neguan, San Inazio, eta bestea udan, San Sebastian. Udakoan kalera aterako ginen, eta turistek ere parte hartu ahal izango zuten".

San Inazioko ospakizunekin bukatu bezain laster, Graciela San Sebastian eguna antolatzen hasi zen. Ez zitzaion asko kostatu Azpibatzordeko beste emakumeak berotzea. Guztiak prest zeuden lan egiteko. Arana apaizak ere laguntza handia eman zion taldeari: informazioa, datuak eta norekin hitz egin behar zuten esan zien. "Buruhandi eta erraldoiak berritu genituen, errege eta erreginari jantzi berriak ipini genizkien… Panpinak ederrak geratu zitzaizkigun baina oraindik jakin behar genuen zer esango zuten Euskal Etxeko batzordekoek. Garai hartan gizonek soilik osatzen zuten Batzordea", kontatzen digu Iriondok, "eta niri zegokidan haien 'baimena' lortzea. Eta baietz esan zuten, baldintza batekin: ez ziguten lagunduko. Uda uzta garaia denez, zelaian behar zutela segi egun osoan".

Lehenengo San Sebastian astearen egitaraua

Eta 1980ko udan San Sebastian lehenengo jaia gauzatu zen Necochean. "Astebeteko egitaraua zabala zen oso: Zilda Percario de Balsategui Azpibatzordeko kidearen laguntzarekin, Arresaygor margolariaren pintura erakusketa egin zen gaur egungo Euskal Etxeko Don Pedro Irungaray aretoan; Bernardo Rasquin eta Goyen Aguado espeleologoek hitzaldiak eman zituzten eta inguru honetan, Aguadoren film bat proiektatu zen. Los Huanca Huá taldeak jo zuen eta Arana apaizak meza eman zuen Necocheako ramblan. Dantzariak eta buruhandi eta erraldoiak, erabat berrituta, kalera atera ziren kalejiran eta jaia bukatzeko afari bat eskaini zen Euskal Etxean. Jende asko bildu zuen festak, eta arrakasta handia lortu zuen". "Lagun ugarik lan egin zuen guren ondoan, amak eta Arana apaizak ezinbesteko laguntza eman ziguten", gogoratzen du gaur Graciela Iriondok. "Jaia ezin hobeto atera zen, elkarlanaren emaitza naturala".

Argi dago jaiak paregabeko marka utzi eta leku propioa lortu zuela Necocheako euskal komunitatearen egutegian, geroztik hona urtero ospatzen baita San Sebastian eguna. Baina bizitzak momentu onak dauzkan bezala, hain onak ez direnak ere badakartza eta dibortziatu ondoren, Graciela Buenos Airesera bueltatu zen. Euskal Herriarekin oso harreman estua duen arren, gaur ez du harremanik euskal erakundeekin. Buenos Aires probintziako Vicente Lopezen bizi da alabarekin eta ordu asko ematen ditu idazten. Lau liburu ditu argitaratuta eta beste batzuk argitaratzeko prozesuan. 1997an gogo-hausnarketen arloan hasi zen murgiltzen. Bere gogoetak bere webgunean irakur daitezke. "Euskal Herriarekin, zilbor-heste batek, Ozeano Atlantikoaren azpitik doazen sustraiek lotzen naute", adierazten du Iriondok. "Maitasuna, bozkarioa eta bakea oinarri dituen lotura da niretzat", laburbiltzen du.

Graciela Iriondo 2010 3

[Graciela Juan Bautista eta María Josefina seme-alabekin]

 Lotura interesgarriak

Graciela Iriondoren webgunea
www.stellarius.com.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia