Buenos Aires, Argentina. Euskal etxe askotatik pasatu dira Olentzero eta Mari Domingi Diaspora osoan, eta gaur Argentinako batzuei dagokie aipua. Esan dezagun leku batzuetan, asteak zeramatzatela ezinegonean euren bisitaren irrikaz. Beste batzuetan, hara, ustekabean agertu ziren! Olentzero, munduko ikazkin ospetsuena, eta Mari Domingi, bere laguna, abenduaren hasieran abiatu ziren Argentinako euskal etxeetan barrena. Abestu, dantzatu, topa egin, eskariak bildu eta gozokiak eta ikatz asko banatu eta euskal Gabonetako ohitura k hezurmamitu dituzte Euskal Herritik10.000 kilometro baino gehiagora,
Macachinen, lanez eta zorionez betetako urte baten amaiera ospatu zuten Euzko Alkartasunaren gimnasioan abenduaren 7an, larunbatez. EEko Gure Ametza dantza taldeak dantza ikuskizuna eskaini zuten, Olentzero eta Mari Domingi ekitaldiko gonbidatu. Haurren eta gazteen dantza taldeetako arduradunak diren Iosu Pacha Iruretagoyenak eta Antonella Veroli Mujicak gorpuztu zituzten hurrenez hurren. Bikotea ezustean agertu zen, bertaratutakoak aho zabalik utzita, batez ere helduak. Haurrek, ordea, Iosu Olentzerok EuskalKultura.eus-i kontatu bezala, "bazekiten zertara joan ginen, nortzuk ginen eta zergatik geunden bertan", izan ere, urtean zehar egindako kultur tailerrean bi pertsonaion berri izan zuten. Gozokiak banatu zituzten lagun guztientzat, eta arrakasta hain izan zen handia, abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi Euskal Etxeko atarira itzuliko direla Macachingo herritarrei ikazkinaren eta bere lagunaren kondaira kontatzera eta ikatz gozo zatiak banatzera.
Viedma eta Patagonesko Aberri Etxean ere urteko bukaera jaian agertu zen bikote mitikoa, kasu honetan abenduaren 14an, larunbatez baita ere, EEko euskara taldearen eskutik. Gabon kantak izan ziren bere agerraldiaren atarikoa, eta hogeita hamar bat txikik jaso zituzten Mercedes Lopez Cristeche eta Imanol Basterra, Mari Domingi eta Olentzero gorpuztuz, hurrenez hurren, Euskal Etxearen atarian banatu zituzten frutak. Despeditu aurretik, abestu egin zuten Aberri Etxeko Lagun Onak dantzari taldearekin, haurrekin, familiekin eta lagunekin batera.
Olentzero eta Mari Domingi Macachinen; Edgardo "Cacho" Carricart, Olentzero Necochean; eta bikote mitikoa Viedman
Chascomusen, Olentzeroren etorreraren iragarpenak ilusio handia piztu zuen txikiengan, eta horregatik beraiek arduratu ziren Euskal Etxeko areto eta aurrealdea Gabonetako eta ikurrinaren koloreekin apaintzeaz. Joan den asteazkenean, hilaren 18an, dantzari txikien taldeko zuzendari Catalina Martinezek, ikazkinaren kondaira kontatu zien eta, amaitzean, hari ozen deika hasi zen, Zingirako Euskaldunak EEko Olentzero ofiziala denCésar Martínez agertu zen arte. Helduentzako ikatzez eta haurrentzako gozokiez betetako poltsa handia zekarrela, ikazkina txalo zaparrada batekin errezibitu zuten berrogei bat txikik eta haien senideek.
Necochean, azaroaren bukaeran "Olentzero eta enbor magikoa" filma ikusi zutenetik zeuden Olentzeroren zain Euzko Etxeko haurrak. Elkarteko alkate ohi Edgardo "Cacho" Carricartek hezurmamituta, Olentzero Eguberrietako gutunak jasotzera pasa zen Euskal Etxetik abenduaren 13an, ostiralez. Ikatz gozoa eta gozokiak banatu zizkien, eta heldu den urteko abenduan bueltatzeko promesarekin joan zen.
Lapridan, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera abenduaren 8an gertatu zen, Lagunen Etxea sortu zeneko 35. urteurrenaren ospakizunaren baitan, gure buletin honek egun haietan iragarri zuenez. Lan handia behar dute egin euskal Eguberriaren pertsonaiok eta asko dira ibili beharreko kilometroak, denbora gutxian. EuskalKultura.eus-en saiatu gara bisita horien guztien berri ematen azkeneko hilabete honetan argitaratzen joan garen artikuluetan, materiala iristen joan ahala. Eskerrak eman nahi dizkiegu lagun bikoteari (eta beren alter egoei) egiten duten lan nekaezinarengatik eta hain urrun bidaiatzeagatik Diaspora osoko haurrengana iristearren. Eskerrik asko, Olentzero eta Mari Domingi!