euskal diaspora eta kultura
2011/11/29
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Bilbon aurkeztu zuen ostiralean Judas Arrietak "Goazen Txinara!" arte-beken 2012ko edizioa. Urte batzuk daramatza Beijing-en Arrietak, eta asiar herrialdean gertatzen ari den aldaketa bizia artistentzat ingurune aberatsa zela iritziz, orain dela lau urte hasi zen arte egonaldi hauek sustatzen, euskal sortzaileek kultura hura bizitzeko aukera izan dezaten. Aurkezpenean iaz Beijing-en izan ziren bi artistak izan zituen alboan, Alain Urrutia eta Luis Candaudap hain zuzen.
Deialdi berrirako proiektuak bidaltzeko epea 2012ko urtarrilaren 30a arte egongo da irekita. Ekimenak gero eta oihartzun handiagoa du eta iaz 86 lan aurkeztu ziren. Proposatzen diren proiektuak arte garaikidearen edozein arlorekin edo diziplinarekin lotura izan beharko dute. Aukeratutako artistek bi hilabete emango dituzte Beijingeko MA Studioan, proiektua burutzen, abuztuaren 1etik irailaren 30era arte. MA Studioak lanlekuaren gastuak eta artista bekadun bakoitzaren bidaia ordainduko ditu.
Talde erakusketa Beijing-en
Egonaldiaren azken egunetan erakusketa bat antolatuko da bertan, eginiko lanekin. Bertako eta nazioarteko egileekin, galeriekin, erakundeekin eta artearekin lotura duten hainbat pertsonarekin hartu-emanak gauzatzeko aukerak moldatuko dira. 2013. urte hasieran MA Studioko egonaldira etorritako bi artisten artelanekin talde erakusketa bat egingo da Beijingeko erakusketa areto ezagun batean. Erakusketarako katalogo bat argitaratuko da.
Artista bekadunek hitzarmen bat sinatu beharko dute. Txinara bidaiatzeko aurkeztutako proiektua bi hilabeteko epean amaitu beharko dute eta epe horretan eginiko arte lan bat lagako dute. Artista bekadunek beren proiektuak garatzeko behar dituzten materialak ordaindu beharko dituzte. Eguneroko jakiak, hirian ibiltzeko garraioen kostuak, etab… bekadunak ordaindu beharko dituzte.
Dokumentazioa
Dokumentazioa aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 30a arte luzatuko da. Arte munduko Euskal Herriko eta Txinako pertsonek osatutako epaimahai batek erabakiko ditu bi proiektu irabazleak eta beste bi proiektu, ordezko bezala. Epaimahaiaren erabakia 2012ko martxoaren bukaeran jakinaraziko da, MA Studioren webgunean.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
-Txinan garatu nahi den lanaren aurreproiektua pdf formatuan (Proiektua garatzeko erabili behar diren materiala eta tresneria aipatu beharrekoak dira)
-Hautagaiaren curriculum laburra
-Lan pertsonalari buruzko dokumentazio grafikoa/portfolioa
-Datu pertsonalak eta errolda agiria
(Dokumentazio guztia PDFan aurkeztu behar da, DIN-A4 formatuan)
Proiektuak ondoko posta helbidera bidali behar dira: info@mastudiobeijing.com
-Informazio gehiago: www.mastudiobeijing.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus