euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Gozatu’ (sic) artisau-koaderno sorta berrian azalek euskal irudiak dituzte, Iñaki Echeverria ilustratzaile argentinarra egile

2020/07/02

'Gozatu' izen eta gai euskalduneko azal eta koaderno bilduma, Iñaki Echeverriak itxialdian egindakoa
'Gozatu' izen eta gai euskalduneko azal eta koaderno bilduma, Iñaki Echeverriak itxialdian egindakoa

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Ideia oso denbora laburrean jaio eta burutu bada ere –konfinamendu egoeraren ondorioa dela esan daiteke– istorio luzeagoa dago ekimenaren atzean, istorio euskal argentinarra hain zuzen. ‘Gozatu’ (sic) bildumako koadernoen ataleko irudiak Euskal Herriko hirien irudiak dira –Hernani, Getaria, Biarritz, Bilbo…– eta lehenengo zirriborroak ‘in situ’ egin zituen Iñaki Echeverria artista argentinarrak Euskal Herrian, bertara egin zuen azken egonaldian.

‘Gozatu’ bildumako koadernoak eskuz egindakoak dira. “Itxialdian gauzak egiteko beharra sentitu genuen, eskura geneuzkan materialekin”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i proiektuan Veronica bere emaztea lankide duen Echeverriak. Eskuz josiak daude eta 15x21 zentimetroko koadernoak dira, orriak marradunak, marrarik gabekoak edo ‘bullet journal’ estilokoak dituztela.

Oso proiektu berria denez, oraingoz komunikatzeko bide bakarra –informazioa eskatzeko edota koadernoak erosteko– Instagram-eko @gozatu.dg kontua da. Interesatuek topa dezakete zein irudi mota duten, prezioak eta bidaltzeko aukerak.

Istorio luzea duen proiektu berria

‘Gozatu’ bilduma azken asteotako proiektua bada ere, Buenos Aires probintzian, Balcarce hirian jaio zen Iñaki Echeverria ilustratzaileak Euskal Herriarekin duen harremana, bizitza oso batekoa da, bere izen-deiturek salatzen dutenez. Datu batzuk aipatzearren, bere aita Balcarceko Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen eta Iñakik berak Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programaren lehenengo edizioan hartu zuen parte.

Gaur egun, Argentinako ‘Pagina 12’ egunkarian lan egiteaz gain, eta bertan berak sortutako ‘Padre Abrumado’ pertsonaiaren bidez itxialdiari buruzko begirada ironikoa proposatzeaz gain, Euskal Herriaren kronika ilustratu bat ari da egiten. Kroniketan euskal hiri eta hondartzak, aurpegiak eta ohiturak marrazten ditu artistak bere argentinar ikuspuntutik. Lan horien zirriborroak EuskalKultura.eus-eko aurreko artikulu honetan islatu genituen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia