Goya, Argentina. Corrientes probintzia argentinarreko Goya herriak datorren asteburuan ospatuko du Etorkinen X. Jai Probintziala. Hamabost gizataldek hartuko dute parte, ororen buru erroei eta herria osatu zuten arbaso eta aurrekoekiko festa bidezko omenaldia den jai handi honetan. Euskal komunitatearen kasuan, Brisa Pérez López gaztea hautatu urrian euskal gizataldeko erregina, eta datorren larunbatean lehiatuko da 2022ko Gizataldeetako Erregina titulua lortzearren.
Hirugarrenez hartuko dute parte euskaldunek elkarretaratzean. Euskal taldea bertako Juan Basterrechea buru hasi zen partaide eta egun Basterrechea bera festa orokorraz arduratzen den Batzorde Antolatzaileko presidenteordea da. Hiru eguneko festa den arren, urriaren 4tik 6ra, ostiraletik igandera, programatutako jardueren ezaugarriengatik larunbata da interesik handiena pizten duen eguna.
Iragarritako ekitaldiei erreparatuz, larunbat arratsaldean, arropa tradizionala jantzita desfilatuko dute gizataldeetako erreginek, zuzeneko musika izango duten karrozek lagunduta. Hiriko nagusia den Mitre plazatik Costa Surubí aretorainoko ibilbidea egingo dute. Programak dantza jaialdia eta plater tipikoen lehiaketa azpimarratzen ditu, eta hor euskal taldea babarruna ezin tradizionalago batzuekin luzituko da. Egun horretan gauzatuko da baita ere Erregina Probintzialaren hautaketa.
Zorte on, Goyako euskal komunitateari eta bere ordezkari Brisari!
-Instagram: Goyako Euskal Gizataldea