euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Goya, Corrientes-en, herriko Gizataldeen Festak bigarren urtez segidan izan du bertako euskal jatorrikoen partaidetza

2021/12/02

Euskal gizataldea Goyako 7. Immigrantearen Jaialdian (argazkia EE)
Euskal gizataldea Goyako 7. Immigrantearen Jaialdian (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Goya, Argentina. Corrientes probintziako Goya herrian Immigrantearen Jaiaren 7. edizioa ospatu dute azaroaren 26an eta 27an eta Juan ‘Tato’ Basterrechea buru duen euskal taldeak bi egunetan hartu zuen parte “urtez urte handitzen doan euskal presentzia bermatzen”. Jaialdia ‘Costa Surubi’ gunean egin zuten, Parana Ibaiaren ertzean, eta hirian beren kultura aztarnak utzi dituzten hainbat gizatalde izan ziren partaide, tartean alemaniarrak, poloniarrak, italiarrak, frantsesak, hungariarrak, arabiarrak, brasildarrak, uruguaitarrak, ukraniarrak, irlandarrak, espainiarrak, paraguaitarrak eta euskaldunak.

Gogora dezagun, Mesopotamia argentinarreko Corrientes probintziako herri bat baino gehiagotan euskal immigrazioa eta presentzia historikoa egon bada ere, gaur egun ez dagoela bertan euskal etxe ofizialik, pauso batzuk ematen ari badira ere presentzia hori bildu, dokumentatu eta, agian egituratu eta euskal etxe forma emanez gaurregundu eta geroari begira proiekzioa eta segida emateko belaunaldi berrietan. Goyan, bigarren urtez jarraian hartu du parte euskal talde honek Gizataldeen Jaian, Euskal Herriaren ikurra eramanez.

Aurtengo jaiko lehenengo egunean, ostiralean, gizatalde bakoitzeko bi kidek euren kolektibitatea aurkeztu zuten. Euskal gizataldearen kasuan, Basterrecheak ikurrina eraman zuen eta Ayelen Arduini ordezkariak euskaraz aurkeztu zuen bere burua eta kolektibitatea. Larunbata desfilearen eta dantza eta janari tipikoen eguna izan zen. Euskal dantzak Goya bertako ‘DanzArte’ izeneko balletak ekarri zituen oholtza gainera eta euskal taldeak diploma bat eskuratu zion Balleteko zuzendaria den Selva Verari Euskal Herriko erritmoak taularatzen eginiko lanagatik. Sukaldaritza txokoan babarrunak txorizoarekin eta kalimotxoa eskaini zituzten euskal taldeko lagunek, eta arrakastaz, den-dena saldu baitzuten.


[Euskal gizataldearen aurkezpena euskara eta gaztelaniaz eta dantzak]

‘Tato’ Basterrecheak adierazi dio EuskalKultura.eus-i oso pozik dagoela jaian lortutako emaitzarekin –herriko komunikabideek oihartzuna eman zioten euskal partaidetzari– eta oso animatuta, euskal jatorrikoak biltzen segitzen joateko eta euskal kultura zabaltze aldera lan egiten jarraitzeko. Horretarako gonbidatu nahi ditu hiriko eta eskualdeko lagunak beraiekin bat egitera, euskal taldea gero eta jendetsuagoa izan dadin. Honela sortu izan dira beste leku batzuetan ere eta, nork daki hemendik Corrientes probintziako lehenengo euskal etxea sor al daitekeen!

Goyako euskal gizataldearekin kontaktatzeko, Instagram-eko kontaktua: colectividadvascagoya.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia