euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mixel Etxekopar, Xiberoko pastoral berriaz: "Zer da tradizioa, kutxa bat, betea baina itxia, edo ibiliz egiten den bidea?"

2013/01/18

Jose Mendiagueri buruzko pastorala egin zen iaz uztailean Arrokiagan (argazkia EKE)
Jose Mendiagueri buruzko pastorala egin zen iaz uztailean Arrokiagan (argazkia EKE)

PUBLIZITATEA

Xiberoko kulturgile eta gazte talde bat aurtengo pastorala ari da prestatzen jada, martxoan Gotainen aurkezteko asmoz. Bihar bertan Mustraka egingo dute Urdiñarben, aktoreak eta gaia aurkezteko. Ikuskizunak Euskal Herriko tzigano edo ijitoen historia azalduko du, eta 14 kantari gaztek antzeztuko dute. Hain zuzen ere, gazteen parte hartzea sustatzeaz eta pastoralaren moldeak berritzeaz mintzatu zaigu pastoralaren idazle den Mixel Etxekopar: "Gauza berriak egiten direnean gazteak saiatzen dira Xiberora itzultzen eta parte hartzen. Beti buruan dugun galdera da: zer da transmisioa? Zer ukitzen ahal dugu eta zer ez?".

Bego Miñaur/Donostia-San Sebastian. Xiberotarrak hasi dira jada aurtengo pastorala prestatzen. "Ederlezi" izenburua izango du ikuskizunak eta Mixel Etxekopar musikaria izango da idazlea. "Izenburuak euskalduna ematen du baina hitza tziganoa da. Kanta batean entzun nuen, udaberriko besta baten izena da", azaldu dio Etxekoparrek EuskalKultura.com-i.

Ikuskizunak tzigano edo buhame/ijito komunitatearen historia azalduko du, XVII. mendetik hona, errealitatea eta fikzioa nahastuz. "Familia bera mendez mende, herriz herri, jarraituko du, bizi dituzten miresmen eta gorrotoak ikusiz. Adibidez, 1600ko Lapurdiko sorginen aurkako errepresioa edo Bigarren Mundu Guda", agertu du musikariak.

Gaiak jorratzen duen denbora tarte zabalaren berrikuntzaz gain, antolakuntzan beste aldaketa bat ere gehituko zaio ikuskizunari: azken urteetako "ehunez goiti aktoreen ordez, hamalau kantari gaztek antzeztuko dute. Patri Urkizuren pastoralen historiari buruzko liburuan irakurri dugu XVIII. mendean horrela egiten zirela eta molde horretara itzuli nahi izan dugu", dio Etxekoparrek. 

Gazteak partaide

Hamalau aktore horien artean Amaren Alabak taldeko kantariak daude, besteak beste. Gazteen parte hartzea sustatzeaz galdetuta, aldi berean zaila eta erraza izan dela esan du Etxekoparrek: "Gazte andana bat gogotsu da parte hartzeko, baina kanpoan dira, lana edo ikasketak direla eta. Halarik ere, gauzak egiten direnean, saiatzen dira Xiberora itzultzen eta parte hartzen".

Proiektu berriak sustatu beharra oso argi dutela dio Etxekoparrek: "Pastorala Xiberoarentzat hil ala biziko kontua dela ematen du. Bai eta ez. Gauza berriak egin behar dira eta asmo horrekin sortu genuen Xiru jaialdia. Beti buruan dugun kontu bat da: zer da transmisioa? zer ukitzen ahal dugu eta zer ez? Tradizioa zer da, kutxa bat, ondo beteta baina itxia, irekitzen denean usain zaharmindua duena, edo bidea, ibiliz tradizioa egiteko?".

Bihar Mustraka Urdiñarben

"Ederlezi" pastoralaren Mustraka bihar egingo da, goizeko hamaiketan, Urdiñarbeko Herriko Gelan. Ikuskizuna martxoan taularatuko da Gotainen, Xiru jaialdiaren baitan. Zuzendaritza lanetan Nicole Lougarot ariko da, eta aktore edo jokolari izango dira Amaren Alabak taldeko kideak eta beste xiberotar kantari gazte andana bat: Xantiana Etchebest, Ihitz Iriart, Graxi Bedaxagar, Luxi Aguergaray, Maika Etxekopar, Graxiana Castillon, Maite Sarraillet, Laida Camus, Benat Larrory, Johañe Bedaxagar, Johañe Etchebarne-Ajia, Niko eta Julen Guiresse eta Pette Jaragoyen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia