euskal diaspora eta kultura
2008/10/21
PUBLIZITATEA
Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak Euskal Herria Sona! jaialdiaren hamaikagarren edizio izango denaren egitaraua plazaratu du, aurten ere euskal musika Bartzelonako kaleetara eramateko asmoz. Aurtengo egitaraua, beste behin ere, oso zabala da eta euskal talde berri eta tradizionalak batzen ditu. 'Centre Cultural Euskal Etxea de Barcelona-n kalitatearen aldeko apustua egiten dugu, eta gure helburua ez da soilik euskal musika munduan euren lekua egina dutenen bozgorailu izatea, baizik eta proposamen berrien alde ere egitea, gure babes osoa emanez', azaltzen dute Euskal Etxeko arduradunek. 'Horrela euskal kultura musika eta erritmo berri eta askotan ezezagunen bitartez deskubritzeko aukera eman nahi diegu entzuleei'.
Kontzertuak larunbatean hasiko dira, Seiren Taldeak Plaça del Rei enparantzan egingo duen emanaldiarekin. Doako kontzertua izango da eta 21:00etan hasiko da. Hurrengo hitzordua urriaren 31an izango da, Gose taldearekin. Gipuzkoarrek euren trikitixa eta elektronika fusio berezia eskainiko dute C.A.T. (Centre Artesà Tradicionàrius) aretoan, 22:00etan hasita. Sarreren prezioa 5€ izango da (doan Euskal Etxea eta CATeko kideentzat). Egun horretan bertan baina ordubete lehenago, 21:00etan, erromeria eskainiko du Plaça de la Virreina de Gràcia-n Tximeleta talde nafarrak.
Benito Lertxundi
Azaroaren 7an Katamalo taldea izango da C.A.T.-en, arratsaldeko 22:00tan. Katamalo euskal musikari eta poeta gazteek osatutako talde berria da eta oinarrian 'Bihotz bakartien kluba' literatur taldea du. Sarreran prezioa 5€ izango da (doan Euskal Etxeko eta CATeko kideentzat). Hurrengo egunean, azaroaren 8an, jaialdiko hitzordu nagusiena helduko da, Benito Lertxundiren kontzertuarekin. Kantari oriotarra euskal kantagintzako ahots eta musikagile nagusienetakoa izan da azken hamarkadetan. Kontzertua L'Auditori-n izango da, 21:00etan. Sarrerak, 30 euro. Egun berean baina Parc del Clot parkean Esne Beltza taldeak doako kontzertua eskainiko du 23:00tan hasita, 'Made in Euskal Herria' lehen lana aurkeztuz.
Azaroaren 13an euskal etxeko kideek 'Nit Basca' jaia egingo dute CATen, urtean zehar ikasitako euskal dantzak, txalaparta, antzerkia... erakutsiz. 22:00tan hasiko da eta doan izango da. Hurrengo egunean azaroaren 14ean, Iparvent taldeak euskal kataluniar eta okzitaniar musika kontzertua eskainiko du Centre Cívic Casa Elizalde aretoan, 20:00tan hasita.
Kataluniar txalapartariak
Hurrengo asteburuan ekitaldiak azaroaren 21ean, ostiralean hasiko dira, Txala taldearen kontzertuarekin. Txala kataluniar txalapartariek osaturiko lehen taldea da. Emanaldia CATen eta 22:00etan hasiko da. Sarrera 5€ (doan Euskal Etxeko eta CATeko kideentzat). Azaroaren 22an Napoka Iria taldeak emango du kontzertua, Euskal Etxean (22:00tan).
Azaroaren 28an Centre Cívic Convent de Sant Agustí-en Maialen Errotabeherek 'Askatasunen ibaia' bere bigarren laneko kantuak eskainiko ditu (21:00etan, doan). Azkenik, egitaraua abenduaren 6ean itxiko da, Zeren Zai eta Garabi taldeek Centre Cultural La Farinera del Clot aretoan emango duten kontzertuarekin. Honezaz gain, jaialdiaren egitaraua txalaparta, kantu, euskal dantza eta haurrentzako tailerrekin osatuko da.
Euskal Herria Sona! jaialdiari buruzko informazio gehiago hemen. Ordutegiak, taldeei buruzko informazio gehiago eta talde bakoitzaren webguneetan euren kantuak entzuteko aukera eskaintzen du.
Bartzelonako Euskal Etxeari buruzko informazio gehiago, hemen.PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus