Vitoria-Gasteiz. Bere azkeneko astean Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari bezala Gasteizen, Gorka Álvarez Aranburuk despeditu nahi izan du juxtu zortzi urtez (2017ko urtarrilean izendatu zuten) aritu ondoren ardura horretan. Gogora dezagun atzo deliberatu zuela Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak bere kargu-uztea, eta larunbat honetan bertan sartuko dela bete-betean bere ardura berrietan Irungo Udalean, bertako bigarren alkateorde gisa, Cristina Laborda sozialista buru duen udal gobernuan, urtarril hondarrean jeltzaleek eta sozialistek sinatutako hitzarmena medio. Álvarez Aranburuk balioespen ona egin du bere lanaz zortzi urte hauetan, esanez euskal diaspora egungotu eta XXI. mendean gogotsu barneratzeko erronka jarri zuela. Honela azaldu du sare sozialen bidez zabaldu duen despedida mezuan:
"Ez da erraza hain hitz gutxirekin adieraztea eta idaztea sentitzen eta adierazi nahi dudana... Bizitza iraupen-lasterketa bat da, hainbat helburu eta etapaz osatua, eta gaur nire bizitzako etapa garrantzitsu bat ixteko unea iritsi da, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritzan 8 urte eman ondoren. Pertsonok pasa egiten gara, baina proiektuek iraun egiten dute eta aurrera egin behar dute: Euskal Diasporaren Eguna, Han Hemen, Diasporako Unibertsitate Ikasketak, Berdintasun Eskola, Artxiboa, Etorkizuneko Interpretazio Zentroa, Gaztemundu, Berdintasun Eskola, Dantza Munduan, kanpoan dauden euskal gizatalde eta pertsonekiko harremanetarako lege berria... Euskal Diaspora euskaldun izatearekiko eta sentipenarekiko loturari eusteko belaunaldien arteko lanaren eta iraunkortasunaren adibide bikaina da, gure herria munduan hobekien irudikatzen duen giza kapital aparta".
Hona zabaldu duen bideo-mezua bere azkeneko astean bulegoan
"Urte hauek oso biziak izan dira, bertan lan egin ahal izan dut eta pertsona zoragarriak ezagutu ahal izan ditut, beraiei direna eta ordezkatzen duten guztia eskertu. Elkarrekin egin dugun bidea, non elkarrekin eztabaidatu eta adostu; barre egin dugu; asko partekatu eta eman dugu... Gaur amaituko da niretzat etapa garrantzitsu hau, baina bidean jarraitzen dugu eta ziur nago edozein unetan berriro gurutzatuko garela. Eskerrik asko guztiarengatik, barkatu izan ez denatik eta beti aurrera!"