Vitoria-Gasteiz. Joan den asteartean, apirilaren 18an, klaseetako modulu berri bati ekin zitzaion 2022-2023 ikasturteko EHUko Euskal Diasporako graduondokoan —aurrez aurre eta online jaso daiteke— "Politika diasporikoak, euskal kasua" izenpean, bi eskolarekin, bat Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariaren eskutik, eta bestea Benan Oregi Zuzendaritza bereko teknikariarenetik. Datozen asteetan Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak hitz egingo dute.
Bere saioan Gorka Alvarez Aranburuk euskal emigrazio historikoaren olatu nagusien arrazoiei erreparatu zien: Maiorazkoaren erregimena euskal baserrietan eta erbestealdi politikoaren boladak, batez ere Amerikara, gerren ondoren; euskal nazioarteko mugikortasun berria eta XXI. mendeko euskal diaspora artikulatzeko erronka —"denen arteko zeregina: hemengoena eta hangoena"—. Eta Euskal Diasporaren Lege berria, egiten ari dena, berrikuntza prozesu osoren elementu katalizatzaile gisa identifikatu zuen.
Lege berria
Benan Oregik nazioarteko politika diasporikoen azterketa alderatua egin zuen bere mintzaldian, bizitzen ari garen garai berrietarako politika berriak —epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin— sortu beharra aipatu zuen, euskal diasporaren lege berriaren eduki nagusiak eta euskal diasporaren fenomenoaren “gobernantza” aztertuz. Migrazioa munduko gobernu-agenden lehentasunezko gai gisa aurkeztu zuen.
Migratzaile berrien harreraz eta euskal migraziorako —historikoaz eta modernoaz— itzulera-egituraz jardun zuen; euskal diasporaren entitate numerikoaz hitz egin zuen, eta horren barruan dauden nortasunak aipatu zituen. Esan zuen balioa eman behar diogula gure Diasporari "soft power" handi modura, “botere bigun” horrek munduan eragiteko duen gaitasuna azpimarratuz.