Vitoria-Gasteiz. Gaur goizean bertan deliberatu du kargu-utziera Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, asteartero egiten duen bileran. Gogora dezagun 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan Irungo Udaleko zinegotzi hautatu zutela Álvarez Aranburu EAJren zerrendaburu legez. Cristina Laborda atera zen alkate, baina ez erabateko gehiengoarekin, eta denbora honetan zehar, saioak egiten ibili dira EAJ eta PSE adostasun batera heltzeko, eta azkenean urtarril hondarrean lortu zuten, Udal Gobernu berria osatuz, eta hor, alderdi bakoitzaren indarreraren arabera (PSEk 10, EAJk 7) bigarren alkateorde da orain Gorka Álvarez Aranburu, orotara hiru jeltzalek eta bost sozialistek, gehi alkatea, osatzen duten Gobernu Batzordean.
Aste hau izango du Gorka Alvarezek bere azkenekoa Gasteizko bulegoan. Hermetismoa da nagusi zuzendari berriari dagokionez, baita Kanpo Harremanetan Ander Caballeron egin behar duen izendapen-sorta osoari buruz ere, askoz denbora gehiago hartuko ez duela pentsatzen bada ere
Gauzak atzeratu badira ere, argi dirudi planek bere jaioterri Irun aldera bideratzen zutela Gorka Aranburu, eta bide horretan gero eta aktiboagoa ibili da Irunen, baita Irungo gaiei isla ematen sare sozialetan ere. Urte hasierarekin, sozialistekin hitzarmena sinatu eta Irungo aurrekontu adostuak urtarrilaren 31ean onartu zituzten. Orain, Irungo bigarren alkateorde kargudun, gaur goizean Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Pradales lehendakaria buru egin duen bilerak bere kargu-utziera deliberatu du eta aste honetan bertan, seguruenik ostiralean, EHAA Buletin Ofizialak argitaratuko da.
Nor zuzendari berria?
Gogora dezagun 2024ko uztailean izendatu zutela Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Ander Caballeron Barturen, eta bere gain dagoela Eusko Jaurlaritzaren kanpo eta atzerri gaietarako plangitza eta politika guztia, Lehendakaritzaren barne, eta zuzenean Pradales lehendakariaren menpeko dela. Caballerok, nazioartean eskarmentua duen profesionala eta Diasporarekin zuzenean harremana izan duen eta diasporakide izan den pertsona, denbora eskatu zuen bere taldea osatzeko, eta kanpoko arlo honi begirada berri bat emateko, eta horretan ari da.
Izen aldaketa egin zuen iaz urte azkenean eta Idazkaritza Nagusiaren izenari "eta Euskadi Globala" hitzak gehitu zizkion, izan ere kontzeptu hori sartu eta sustatu nahi baitu aurrerantzean. Imanol Pradalesek orain aste batzuk aurkeztu zuen Pasaian, eta Ander Caballerok berak joan den astean Legebiltzarrean. Diasporari dagokionez, bere asmoen berri eman du Caballerok besteak beste FEVA eta Argentinako Euskal Astean bildutako euskal etxeen ordezkarien aurrean, eta aurtengo uztailean Boiseko Jaialdian ere halakorik egitea espero da, NABO eta euskal komunitate iparramerikarraren aurrean. Bere ekipoari buruz eta egin ditzakeen izendapenei dagokienez, laster egingo dituela pentsatzen da, Kanpo Harremanetarako zuzendaritzari dagokionez zein gainerako arduradun eta munduko euskal ordezkaritzen titularrei dagokienean.