Bariloche, Argentina. Andeen magalean, San Carlos de Barilocheko hiri patagoniarrak, Rio Negro probintzian, 121 urte bete zituen joan den asteazkenean, eta ospakizunetan Omenaldia eskaini zien adineko bere biztanle esanguratsu batzuei. Batetik, Wenceslao Aguilar, 'Chelao', merkatari ezagunari, duela 55 urte hirian egun segitzen duen negozioa zabaldu baitzuen, eta baita beste 25 'antiguos pobladores' edo antigoaleko biztanleri, horien artean 'Mendiko Euzko Etxea'ko lehendakari Stella Maris Larrabururi, aldi berean Gizatalde Festako Batzorde Antolatzaileko kide den emakumea, eta laneko bizitzan irakasle izan zena, bertako 2 zenbakidun Helduen Eskolako zuzendari zela erretreta hartu zuen arte.
Ekitaldia, Arte, Zientzia eta Teknologia Udal Zentroko areto nagusian egin zen eta hirurehun bat jende bildu ziren agintariak, gonbidatuak eta publikoa barne, bertako Bariloche2000k hedabideak islatu duenez. Esker oneko hitzen txandan 'Concejo Deliberante'ko lehendakari Natalia Almonacid mintzatu zen eta baita Gustavo Gennuso intendentea ere. Biek omendutakoei euren ekarpena, eta bertaratutako guztiei ekitaldian partaide izatea eskertu zieten, Rio Negroko gobernadore Arabela Carreras ere bertan zela.
Lerro hauetatik Zorionak Stella Maris Larrabururi eta omenaldia jasotako guztiei!