euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gora San Fermin! Argentinako Rosario, Mendoza, Buenos Aires eta Bolivarko Nafar Etxeek bat egin dute festa giroarekin

2022/07/06

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Uztailaren 6a da, Txupinazo eguna, eta Iruñean eta nazioartean oihartzunik handiena duen gure festa abiatzeko tenorea, Iruñean bertan eta Lesakan, esaterako, baina baita Diasporako hainbat lekutan ere, tartean Argentinako Buenos Aires, Rosario, Mendoza eta Bolivarko lau Nafar Etxeetan eta Espainiako estatukoetan, tartean EHko Bilbo, Barakaldo eta Gasteizekoetan. Hona gainbegirada ekitaldiei, Nafar Etxeetatik bertatik eta Nafarroako Gobernutik zabaldutako informazioak bilduz.

Buenos Aireseko Nafarroako Etxeak asteartean hasi zituen ekitaldiak 'San Fermin Kopa' Paleta Txapelketarekin erakundearen egoitzako frontoian, eta San Fermin egunez meza iragarri du hiriburuko San Fermin elizan. Txupinazoa, berriz, uztailaren 9rako utzi du, elkartearen egoitza eta aurreko kale aldea bizitasun eta bozkarioz beterik, Etxeko dantzariak, musika, dantza eta animazioa akuilu.

Santa Fe probintzian, Rosarioko Nafar Etxeak aurreko asteburura ekarri zuen bere San Fermin festen hasiera. Honela, ostiralean, uztailaren 1ean, Peñen Afaria egin zuen bere egoitzan, eta larunbateko 13:00etan egin zuen Txupinazoa, festei ekinez, txikienentzako arratsaldea antolatuz, Mus Txapelketa eta San Fermin festen bibliografia erakusketa zabalduz elkarteko liburutegian, igandean goizeko 10etan erraldoi eta buruhandiak karrikaratuz, 11etan meza eta ondoren bazkaria antolatuz.

San Fermin egunean bertan, prozesioa egingo du 20etan eta segidan tapa eta pintxo dastaketa. Uztailaren 8an, ostera, Jamonada afaria, dantzaldia zuzeneko musikarekin, goizaldeko 3etan Iruñeko entzierroa segituko da telebistaz eta 4etan baratxuri salda zerbitzatuko. Larunbat arratsaldean, 16etan txokolate eta txurroen txanda izango da, eta 17etan erakundeko txistulariek eta Txistu Eskolak joko dute, 20etan 'Gaixoa ni' kantatu eta bertako aurtengo jaiei amaiera ofiziala emateko. Uztailaren 15 eta 16an San Fermin Pilota Txapelketa egingo da Nafarroako Erresuma frontoian, eta uztailaren 23an bisita egingo diote Hogar Español-eri.

Mendozako Nafar Etxeak, bere aldetik, Txupinazoarekin, lore eskaintza eginez San Fermini, Mendozako nafar komunitatea bedeinkatuz eta erakundeko dantzari txikien erakustaldi batez zein Etxeko Alma Navarra abesbatzaren kantuz abiatuko du uztailaren 7an jaia. Entzierroa egunero segituko dute telebistaz. Uztailaren 17an, igandea, 13etan, senidetasun bazkaria egingo dute elkartearen egoitzan. Gogoratu, EuskalKultura.eus-ek aurreratu zuenez, Mendozako Nafar Etxea, Argentinako Nafar Etxeen XI. Topaketako egoitza izango dela aurten abenduan, Argentinako eta Iruñeko eta Nafarroako ordezkaritzak ere partaide, eta irrikaz bizi dutela aukera hori.

Azkenik, Bolivarko Nafar Etxearen programa asteartean hasi zen, uztailaren 5ean, San Fermin Pilota Paleta Txapelketarekin, Merkataritza Ganberako Enplegatuen frontoian. San Fermin egunean, santuaren irudia aterako dute elizara, bertan egoteko larunbatean San Fermin Meza egin arte. Larunbatean, San Fermin Meza, Etxeko dantzarien emanaldia eta Raíces Navarras abesbatzarena. Gauean San Fermin afaria.

Gogora dezagun San Fermin Espainiako Estatuko Nafar Etxeen urteko ospakizun eta elkarretaratze hitzordu nagusia ere badela eta Sanfermin egitarauak antolatu dituztela Burgos, Logroño, Santander, Madril, Valentzia, Valladolid eta Zaragozako Nafar Etxeek; baita ere Bartzelonakoak; eta baita ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, Bilboko, Gasteizko eta Barakaldoko Nafar Etxeek, azken honetan Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu gonbidatu dutela Txupinazoan partaide.

Hona Iruñeko Txupinazoaren ETBko irudiak:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia